GARA > Idatzia > Kultura

Liburuek soinu banda izango dute Durangoko Azokaren 45. edizioan

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak atzerako kontaketa hasi du jada. 45. edizioa abenduaren 4tik 8ra ospatuko da eta dagoeneko badu iragarriko duen irudia. Fede Bosch diseinatzaile kataluniarrak irabazi du laugarren urtez ospatzen den kartel lehiaketa. Musika eta literatura uztartu ditu bere lanean, disko-pletina zahar bat eta liburu bat irudikatuz. Azokaren gainerako xehetasunak azaroaren erdialdean ezagutaraziko ditu Gerediaga elkarteak.

p039_f01_204x128.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

«Liburu bat irakurtzen ari garenean, aldi berean, musika ere entzun dezakegu eta, modu batean edo bestean, liburuaren soinu banda bihur daiteke», esan zuen atzo Fede Boschek. Diseinatzaile kataluniar honek irabazi du aurtengo Durangoko Azoka iragarriko duen kartel lehiaketa. Literatura eta musika uztartzen ditu 45. edizioko irudiak, oinarri zuri batean, disko-jogailu bat kokatu du Boschek eta, bertan, liburu bat bere musika entzun dadin.

«Pletina zahar baten irudia bilatu nuen, 70eko edo 80ko hamarkadakoa, tradizio handiko ekimena adierazteko», esan zuen. «Liburu bat gainean jarrita, poesia bisual moduko bat sortu nahi izan dut, liburuari soinu eginaraziz». Kartela txintxeta moduan izkinetan jarritako lau disko txikik biltzen dute.

Laugarren aldia da Gerediaga elkarteak, Azokaren antolatzaileak, kartela lehiaketa bidez aukeratzen duena. Aurten 49 lan aurkeztu dira, horietatik hamar Durangaldetik bertatik iritsi dira eta, beste hamar, Euskal Herritik kanpo. «Epaimahaiak bi ezaugarri nabarmendu ditu», azaldu zuen Gerediaga elkarteko kudeatzaile den eta idazkari lanetan aritu den Aitziber Atorrasagastik. «Batetik, bisualki duen erakargarritasuna; eta, bestetik, gaiaren aldetik, bi elementu ongi uztartzea lortu duela, liburua eta diskoa». Letra tipoari dagokionez, «euskal tipografia» erabili duela esan zuen Boschek, «handia eta sendoa».

Kartelaren aukeraketaz arduratu den epaimahaia honakoek osatu dute: Pedro Mari Basañez arkitekto eta Arte Ederren fakultateko irakaslea, Ismael Iglesias artista plastikoa, Javier Garcia de la Torre arkitektoa eta Txaro Berriozabalgoitia, Gerediaga elkarteko bazkidea. Diseinatzaile kataluniarrak 1.300 euroko saria eskuratuko du.

Kortatu eta Olentzero biluzia

Fede Bosch lehenengo aldiz aurkeztu da aurten Azokako kartel lehiaketara. Interneten hara eta hona zebilela, duela hiru urteko kartelarekin egin zuen topo. Orduan, Olentzero ageri zen biluzik, kartelarekin tapatuta. «Oso ona iruditu zitzaidan, deigarria, eta Azokaren inguruan miatzen hasi nintzen».

Hamabost urterekin esku artera iritsi zitzaion Kortaturen disko batez aparte, Euskal Herriarekin lotura gutxi duela esan zuen Boschek, baina hainbat lehiaketatan hartu du parte. 2007an San Fermin jaietako karteletan finalista eta «Diario de Navarra» egunkariko irakurleen gustukoena izan zen; iaz, Getxoko marka turistikoa aukeratzeko lehiaketan finalista izan zen eta Debako Kultur Elkartearen 50. urteurreneko logotipo lehiaketa irabazi zuen.

Gainerako parte-hartzaileen lanak www.durangokoazoka.com atarian daude ikusgai. Azoka bera azaroaren erdialdean aurkeztuko dutela azaldu zuten antolatzaileek. «Sorpresa ugari» izango dituela baino ez zuten aurreratu nahi izan atzo.

Bestalde, hirugarren urtez, Ahotseneak ateak zabalduko dizkie 2010. urtean zerbait plazaratu duten euskal sortzaileei. 30 minutuz parte hartu nahi duen orok izen emateko epea zabalik dauka jadanik.

49 HAUTAGAI

Laugarren urtez ospatu da aurten kartel lehiaketa eta 49 lan aurkeztu dira. Guztiak ikusteko aukera dago «durangokoazoka.com» webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo