Larrialdi-egoera Hungaria sartaldean, aluminio isuri baten ondorioz
Hungaria mendebaldeko lantegi batean gertaturiko aluminio-isuri baten ondorioz, lau lagun zendu ziren eta ehunka zauritu. Hiru herrixkak kalte larriak izan zituzten eta, hori dela eta, Hungariako Gobernuak larrialdi-egoera ezarri zuen atzo inguruko hiru konderritan.
GARA |
Larrialdi-egoera ezarri zuten atzo Hungariako mendebaldeko hiru konderritan, gutxienez lau hildako eta ehundik gora zauritu eragin dituen aluminio-isuri baten ondorioz, Barne Ministerioak jakinarazi zuenez. Veszprem, Gyor-Moson-Soprono eta Vas konderriei eragiten die larrialdi-egoerak.
Ezbeharra astelehenean hasi zen MAL enpresaren Ajkai Timfoldgyar lantegian -Budapest hiriburutik 165 kilometro mendebaldera- hondakin toxikoen biltegiaren dikea apurtu zenean, eta isuriak, Europa Press berri agentziaren arabera, hiru herrixka kaltetu ditu.
«Isuria geldiarazteko zenbait tona igeltsu bota ditugu Marcalo ibaira», adierazi zuen Gyorgyi Tottos Hondamendien Unitate Nazionaleko bozeramaileak. «Lokatzaren toxikotasuna arindu egiten da zabaltzen den kilometro bakoitzeko», gaineratu zuen.
Ingurumeneko Estatu idazkari Zoltan Illesek MTI agentziari adierazi zionez, milioi bat metro kubiko lokatz gorri isuri dira, eta Veszprem-etik larrialdi-egoeran dauden beste bi konderrietara hedatuz doa.
Atzoko egunsentitik, maskarak eta babes-jantzi bereziekin hornitutako taldeak etengabe aritu dira lokatzak hartutako kaleak garbitzen.
Anbulantzia zerbitzuak 116 zauritu eraman zituzten inguruko ospitaleetara, zortzi larri eta bat egoera kritikoan. Jakinarazi zutenez, gutxienez beste sei lagun zeuden desagerturik.
Isuritako substantziaren osagaien artean metal astunak daude eta toxikoa da, larrialdiak kudeatzeko nazio agentziaren esanetan eta, besteak beste, erredurak eragiten ditu azalean eta begietan.
Testigantzak
«Etxeko sabaia hiru metrora dago, eta lokatza bi metro eta erdira iritsi zen», esan zuen bizilagun batek, bertako telebista bati eginiko adierazpenetan.
«Semea etxean zegoen une horretan, eta teilatura heltzea lortu zuen. Nire aitak 85 urte ditu eta ni leihoan eusten saiatu zen, baina ospitalera eraman behar izan genuen, hanketan zauri larriak zituelako», gaineratu zuen.
Bestalde, Hondamendien Unitate Nazionalak ukatu egin zuen bigarren isuri bat egon zenik, eta larrialdi taldeetako langileak, isuria geldiarazteko eginahaletan, inguruko ibai batera igeltsua botatzen ari zirela berretsi zuen.
Hondamendien Unitate Nazionalak adierazi duenez, isuria geldiarazteko helburuz, zenbait tona igeltsu bota dituzte Marcalo ibaira.