Andoni Elorrieta eta Koldo Karbonell (*) | Busturiko eta Ajangizko alkateak, hurrrenez hurren
Gernikako Erresoluzio Handiko Zentroa
Gernikako Erresoluzio Handiko Zentroaren (EHZ) gaineko lehen berriak 2002an argitaratu zirenetik, informazio argia eta zehatza ezkutatu zaie profesionalei, herritarrei zein euren tokiko ordezkariei proiektuaren garapenaren gainean. Ondorioz, badira lau urte Busturialdeko ezker abertzalea hainbat ekimen antolatzen ari dela.
Lehenengo eta behin, instituzioetara jo genuen informazio fidagarria lortzeko asmoz. Ez da erraza lan hau, beti ere zaila baita informazioa lortzea. Astiro-astiro lortutako informazioa batere gardena ez zela ikusita, udaletan ditugun ordezkarien bitartez, Busturialdeko udalak gai honetan inplikatzea erabaki genuen.
Aurreko Osasun sailburuak 2007an Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektuan oinarrituta (70 ohe agertzen ziren proiektu horretan), eztabaidarako mozioa aurkeztu genuen Osasun Sailera bidaltzeko eta hasierako proiektua bete zezatela eta zenbait zerbitzu betetzeko eskatuz: helduentzako zein umeentzako larrialdi zerbitzuak 24 ordutan, erditzeak eta eskualde bateko ospitalean beharrezkoak diren beste zerbitzu guztiak ematea, zerbitzu guztiak publikoak izatea eta euskararen erabilera bermatzea.
Mozio honek eztabaida sortu zuen eta udaletako ordezkariak gaiaren inguruan alde batean edo bestean jartzera behartu zituen. Batzar Nagusietara ere iritsi zen debatea, eta hainbat mozio aurkeztu ziren bertan.
Bitartean, ezker abertzaleak hainbat ekimen, prentsaurreko, artikulu argitalpen, kotxe karabanak, kartelak, esku-orriak, osasun zentroetan zein udalerrietan berbaldiak, sinadura bilketa... egiten jarraitu zuen. Azkenean, ekimen hauek guztiek erantzun ofiziala ekarri dute: iragan maiatzaren 11n Busturialdeko alkateek batzarra izan zuten Galdakaoko ospitalean Osakidetzarekin eta Osasun Sailarekin, erakunde biek hala eskatuta. Bertan, proiektua gaur egun nola dagoen azaldu zitzaien, eta badira aipatzeko moduko berrikuntza batzuk: Etengabeko Arreta Gunea (EAG) eta 24 orduko larrialdiak, zer? Umeen arreta? Hemodialisia. Etxez etxeko ospitalizazioa. EMN (erresonantzia magnetiko nuklearra). Neurologia. Kirofano bat gehiago.
Oraindik ere esaten dute Bizkaian ez direla ohe gehiago behar.
Poztu egin gara proiektuan ikusitako hobekuntzen aurrean, duda barik, baina oraindik ere uste dugu Urdulizko Erresoluzio Handiko Zentroa 216 oheko ospital bihurtu bada, gure eskualdean ere posible dela. Kontuan izanda, gainera, Uribe-Kosta baino urrunago gaudela erreferentziazko ospitaletatik. Horregatik, posible litzateke Gernikako EHZn ere halako transformazio bat egitea, eta giza baliabideen bikaintasun bera eskatzea: 1.500 lanpostu, hain zuzen ere; 800 zuzeneko eta 700 ez zuzeneko.
Urdulizko ospitalearen proiektuak bertan behera uzten du Bizkaian ohe gehiago behar ez dela dioen ustea. Bestalde, kontuan izan behar da Bizkaia dela EAEn ohe gutxien dituen lurraldea: Bizkaiak 1,8 ohe/1.000 biztanle; Gipuzkoak 2,2 ohe/1.000 biztanle; Arabak 2,4 ohe/1.000 biztanle.
Pentsatzen dugu 216 ohe horietatik batzuk Gernikako zentroko hirugarren solairuan jarri beharko liratekeela; izan ere, alkateei aurkeztutako proiektuaren arabera, hirugarren solairua hutsik geratuko da. Zer egingo dute ebakuntza baten ostean gaixoak konplikazioren bat badu? Anbulantzia hartu eta erreferentziazko ospitaleetako batera eroango dute gaua zaintzan pasatu dezan?
Beste zalantza bat ere badugu: ez daukagu argi ea larrialdi zerbitzua larrialdi zerbitzua izango den edo EAG moduan funtzionatuko duen. Zerbitzu hauek dira anbulategietan 17.00etatik 8.00etara izaten direnak.
Umeentzako larrialdi zerbitzurik izango den ere ez dago argi. Izan ere, «haurtzaroaren arreta» berbek ez dute argitzen Pediatria izango denik.
Egoera honen aurrean, ezker abertzaleko alkate eta hautetsiok behar den moduko ospitalea izateko lanean jarraituko dugu, Busturialdea ez dadin baztertutako eskualdea izan. Batutako sinadurak Osasun Sailera bidaliko ditugu herritarren iritzia kontuan har dezatela eskatuz.
(*) Andoni Elorrieta eta Koldo Karbonellekin batera, Busturialdeko zinegotzi ezkertiar eta independentistek ere sinatzen dute artikulua