GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Estatu independente berria laster

 

Azken-azkeneko ordua iritsi arte ezertaz ez jabetzeko sen berezi horren juzgu egin beharko dugu, bestela ez baita ulertzen. Kosovoko kasuaren inguruan harrotu ziren hautsak gogoratuta ez da ulertzen, adibidez, zein arreta gutxi ari zaizkion eskaintzen Espainiako hedabideak laster Afrikako 55. herrialde independentea izango denari. Hegoaldeko Sudani, alegia. Beste zenbait herrialde mendebaldarretan gertatzen denaren alderantzizkoa, alafede.

Ia erabat bideratua dirudien prozesua baita Hegoaldeko Sudan (640.000 km2, Frantziak baino gehiago; 8,5 milioi biztanle, Austriak adina) independentziara eramango duena. Kenyako Naivashan 2005eko urtarrilaren 9an sinatu zen Bake Akordio Zabalean aurreikusi bezala, datorren urtarrilean eginen da Hego Sudanen independentziarako erreferenduma. Eta emaitza nahiko argi dagoela uste dute begirale gehienek, aurtengo apirileko hauteskunde orokor iskanbilatsuetan ikusi zenaren arabera: independentziaren aldeko gehiengo zabala iragartzen da oro har, Abyeiko erreferendum berezituan emaitza bestelakoa izan badaiteke ere. Iazko urriaz geroztik, bestalde, Khartumgo Gobernu zentrala eta Jubako Gobernu autonomoaren artean adostuta dago erreferendumaren emaitzak balekoak izan daitezen baldintza bakarra parte-hartzeak %60 gainditzea dela, gehiengo arrunta aski dela aukera bat zein bestea nagusitzeko, eta sorterritik kanpo bizi diren herritarrek ere izan behar dutela bozkatzeko eskubidea.

Horrela esanda erraza dirudiena izugarri latza eta nekosoa izan da. Eta ez bakarrik prozesu guztiaren sorburuan leudekeen bi gerra beldurgarriengatik (lehenak, 1955-1972 bitartean, milioi erdi bat hildako erakarri zituela kalkulatzen da; gutxi, bigarrenak, 1983-2005 bitartekoak, eragin zituen bi milioi hildakoekin alderatuta). 2005eko Bake Akordioaz geroztiko ibilbidea ere ez da batere samurra izan eta boterea erdibanatzeko ituna etetear egon da behin baino gehiagotan. Baina epe-muga erabakiorrerako hiru hilabete falta direnean, nazioarteko ezkutuko botereak, ekonomikoak batik bat, hasi dira biharamunerako kontuak ateratzen: Sudango monetaren balioa doitzen hasita dago; petrolio ustiategiak noren esku eta nola geratuko diren tema-gai mamitsuena da jada; kanpo eta barne zorrak nola banatuko diren erabaki behar da...

Inork ez dio etorkizun erraza iragartzen Hegoaldeko Sudan independenteari. Baina Khartumgo agintearen pean emandako mende erdia baino okerragoa izatea kostako zaio. Orain arte independentistek nazioartean izan dituzten «aliatuetako» batzuek estatu berriari eskua ez, baizik eta bizkarra emango diotela apustu egingo nuke, haien laguntasunaren zergatia eskualdeko (des)oreka politikoak beren alderatzea besterik ez zelako. Ikusi egin beharko da, bestalde, estatu berriko elite trebatu bakana (eta horien artean, Kuban hezitako ehunka «jubatar-kubatar» profesionalak) nola moldatzen diren dozenaka herri ezberdinek osatutako herrialdearen aitzindaritzan.

Baina baietz asmatu zer esango duten hemen batzuek, berria iristen zaienean! Hangoak eta hemengoak ez dutela inolako antzik, jakina!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo