GARA > Idatzia > Ekonomia

Lazcozen «mehatxuei» men egin gabe, udal langileek beren itxialdiei eutsi diete

Gasteizko Udaleko langile batzordeak irailaren 29an jakinarazi zien Udaleko arduradunei «eskubide sozialen murrizketak salatzeko» atzo eta gaur artean itxialdiak egingo zituztela eraikin publiko ugaritan. Alkateak, azken unean, protesta leku horietan egitea debekatu zuen.

GARA |

Azken orduko debekuak debeku, Gasteizko Udaleko langileek hainbat itxialdi hasi zituzten atzo Udalaren eraikin ugaritan, Patxi Lazcoz buru duen Udal Gobernuak langileen eskubide sozialak murriztu dituela salatzeko, bereziki gaixoaldi-bajaren prestazio osagarria ezabatu duelako. Batzordearen deialdiari jarraituz, 15.00etan hasi zituzten atzo itxialdiak, eta gaur goizeko zazpietan bukatzekotan dira. Langileen ordezkariek azaldu zutenez, pasa den irailaren 29an eman zioten Udaleko Funtzio Publikoko zuzendariari atzoko protesten berri, hitzarmen kolektiboak ezartzen dituen «epeak eta formak» errespetatuz. Horixe azpimarratu zuen batzordeak atzo goizean Lazcoz alkateak protestak aurrez hautatu zituzten lokaletan egiteko debekua ezarri ostean.

Izan ere, protestak soilik Gasteizko hiru kiroldegitan eta Europa jauregiko kirol eremuan egiteko baimena zutela jakinarazi zien Lazcozek. Batzordeak, ordea, ondorengo lekuetan zituen antolatuta itxialdiak: suhiltzaileen etxean, haur eskoletan, Udaltzaingoaren lokaletan, gizarte etxe batean eta egoitza publiko batean. Alkatearen dekretuaren berri izan bezain pronto aurrez egindako deialdiak, eta lekuak, bere horretan jarraitzen zutela adierazi zuen batzordeak. Era berean, Lazcozen erabakia gaitzetsi zuten «bere jarrera harroaren» beste erakusle argi bat dela esanez. «Legez aitorturiko eskubide sindikalak debekatuz», hitzarmenari jaramonik ez egitea leporatu zioten.

Alkatearen aginduari men egin gabe, itxialdiak hasi zituzten, bada, langileek. Hala ere, itxialdietan parte hartu duten langileei espediente bat egingo dietela adierazi zien Udalak, eta batzordeak «mehatxutzat» jo zuen ohartarazpen hori, Europa Press agentziak zabaldu zuenez.

SOILIK KIROLDEGIETAN

Gasteizko Udaleko langileen batzordeak eraikin publiko ugaritan itxialdiak egitera deitu zuen. Alkateak, azken uneko dekretu baten bidez, protesta lekuak lau kiroldegitara mugatu nahi izan ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo