GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Atzo amaitu zen udako sasoia

Filipides ausartaren pare

Indarrak ahituta heldu zen Martinez de Irujo Agurainera, bere udako maratoiaren 42. partidara.

p038_f01_199x128.jpg

Irujo-Laskurain 7

TITIN III-BArriola 22

Jon ORMAZABAL

Kondairak dioenez, K. a. 490. urtean, Atenaseko emakumeak oso urduri zeuden, euren gizonek Maraton haraneko persiarren aurkako gerra irabaziko zuten itxaropenarekin, izan ere, greziarren etsaiek, irabaziz gero, Atenasen sartu eta hiria suntsitzeaz gain, emakume guztiak bortxatuko zituzten mehatxua egina zuten. Hori jakinda, 24 orduan garaipenaren berririk izan ezean, emazteek eurek beren seme-alabak erail eta euren buruaz beste egingo zuten.

Greziarrek irabazi irabazi zuten, baina uste baino gehiago kosta zitzaien, eta berria polisera ahalik eta azkarren irits zedin, Filipides gudari gazteak, borroka gogorraren ostean, Atenaseraino 42 kilometro egin behar izan zituen emakumeek garaipenaren berri izan zezaten. Hiriburura heldu eta nekearen nekez hil aurretik, «Niké» -garaipena greziarrez- oihukatu ahal izan zuen.

Balentria horren omenez jokatzen dira gaur egun maratoiak, eta desberdintasunak desberdintasun, antzekoa izan daiteke Martinez de Irujok uda honetan egindakoa, proba olinpikoak dituen 42 kilometroetako bakoitza partida bategatik aldatuko bagenu, bera ere Atenasera heldu delako buruz buruko txapela irabazi zuenez geroztik.

Eten eta guzti

Ezbairik ez dago, are gehiago Aimar Olaizolak izandako lesio larriaren ondotik, Martinez de Irujo dela gaur egun pilotalekuetara jenderik gehien biltzen duen pilotaria eta Iberokoak sekulako ahalegina egin behar izan du azken hilabeteetan bere enpresaren beharrak asetzeko. Urrutira joan gabe, azken sei egunetan bost partida jokatu behar izan ditu -astelehena izan zuen atseden egun bakarra nafarrak-.

Udako sasoitzat Buruz Burukoa amaitzen denetik Lau eta Erdikoa hasten denerako tartea hartuko bagenu, Martinez de Irujok 42 partida -41 ezker paretan eta beste bat Baionako trinketean- jokatu ditu, eta kontuan izan beharrekoa da gainera, bertan behera utzi dituen partida apurrak, uztailean Errenterian galdu ostean pilotalekuko ate bati ukalondokoa eman ostean izan zuen lesioagatik izan direla.

Partida gehientsuenetan atzelari txartxoagoarekin jartzen dutela jakinda, gainera, emaitzak ere oso kontuan izan beharrekoak dira, ezker paretan jokatuta 41 partidetatik 21 irabazi baititu, orotara 749 tanto alde eta 765 aurka bilduz.

Orain gutxira arte, atzo aurkari izan zuen Titin III.a izan ohi zen partidarik gehien jokatzen zituena, baina udan bederen, aldea nabarmena izan da Irujoren alde. Izan ere, errioxarrak 32 partida jokatu baititu, atzokoa barne, eta garaipenen portzentajea oso antzekoa da, jokatutakoen erdiak irabazi baititu errioxarrak.

Filipidesi gertatu bezala, esan daiteke Martinez de Irujok nahikoa egin duela Aspek jarritako partida guztietara iriste hutsarekin eta atzo indar alerik gabe heldu zen Agurainera.

Igandean Oñatin sekulako erremate erakustaldia eman ondoren, berriz ere Aritz Laskurain lagun zuela iritsi zen buruz buruko txapelduna Arabako lautadara, baina bidean indarrak ahitu izan balitzaizkio bezala izan zen. Binakako txapeldunen aurka maila bikaina erakutsi bazuten ere, atzo Titin eta Barriola erraz, errazegi heldu ziren 22. kartoira, bertaratu ziren pilotazaleen zoritxarrerako. Greziar gudaria ez bezala, ordea, Martinez de Irujo oso bizirik dago eta atseden hartu ostean Lau eta Erdikoa du hurrengo helburua.

Atsedenik gabe

Buruz buruko txapela jantzi zuenetik, Iberoko aurrelariak 41 partida jokatu ditu ezker paretan eta beste bat Baionako trinketean.

Amaiera eskasa

Igandean Oñatin oso ondo aritu baziren ere, Irujok eta Laskurainek neurketa txarra osatu zuten atzo Agurainen, eta Titinek eta Barriolak errazegi irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo