Punkari lotuta jarraitzen du Suturak «Sueños podridos» disko berrian
A. K. | DONOSTIA
Musika talde guztiek, edo gehienek bederen, zehaztuta izaten dute bere hastapenetako data, zein urtetan eta nola sartu ziren musikaren munduan, akordeekin lanean. Suturaren kasua desberdina da, ordea. Trintxerpeko lagun talde batek orain dela urte asko erabaki zuen herriko garaje batean musikarekin «jolasean» hastea, eta ordutik instrumentuetatik hatzik kendu gabe jardun dute gaur egun arte. Orain, beren hirugarren lana kalean da «Sueños podridos» izenburupean (Baga-Biga).
Punk «erraza, konplikaziorik gabekoa» aurkezten du taldeak, Ritxi Aizpuru musika argitaratzailearen irudiko. Orain arte beraiengan eragina izan duten taldeen kutsu berbera mantentzen duten arren (La Pola Records, Barricada, Eskorbuto...), «heldutasunera» iritsi dira azken lan honekin.
Punk jarrera, sentimendua, gogoa, amorrua, intrantsigentzia, bizipena, estiloa eta doinuak plazaratzen jarraitzen du Suturak hamahiru kantuk osatzen duten CDan.
Salbuespen gisa, grabaketaren ildoaz jardun zuen Aizpuruk. Orain arte Jorge Reboredorekin egin izan dituzte grabaketak eta masterizazioak; kasu honetan, ordea, Donostiako Hell Division-Iron Batasuna estudioan biribildu dute diskoa, eta Mogambo aretoko Lolo eta Etxabe aritu dira teknikari lanetan. Ivanen esanetan (baxua eta ahotsa), «Mogamboko kideekin askatasun handiagoarekin lan egin dugu eta gusturago aritu gara. Bost urtez diskorik atera gabe egon gara, [«Dios está en todas partes» (2001) eta «Beber y luchar» (2005)] eta etenaldi horrek diskoa osatuagoa eta kalitate handiagokoa izatea ekarri du», nabarmendu zuen.
Musika landuagoa izateaz gain, kantuen letretan ere garapena izan du taldeak. «Talde moduan pentsatzen duguna adierazten dugu letren bidez, eta kontzertuetara etortzen den jendearekin kantatutakoaren bidez bat egiten dugu, haiek ere gure ideiekin bat datozelako», esan zuen.
Diskoa kalean izanda, zuzenekoetarako bidea ireki dute orain. Azaroan Beasainen eta Bermeon izango dira, eta beste hainbat kontzertu lotzen ari dira Euskal Herriko hainbat agertokitan. Akaso, Britainia Handira ere bidaiatuko dute otsailean, punkari gorazarre egitera.
Taldea: Sutura.
Izenburua: «Sueños podridos».
Argitaratzailea: Baga-Biga.
Hurrengo kontzertuak:
Azaroak 6, Bermeo; azaroak 13, Beasain.