GARA > Idatzia > Mundua

Hungariako isuri toxikoaren kalteek luze iraun dezaketela ohartarazi dute

Greenpeace talde ekologistak azaldu duenaren arabera, Hungaria mendebaldean gertatutako aluminio isuriak epe luzean kaltetuko du ingurumena. Gobernua hondamendiaren ondorioak murrizten ahalegintzen ari den bitartean, hildako lagunen kopurua seira igo da.

p025_f01_148x108.jpg

GARA |

Hungaria mendebaldean isuritako lokatz gorriak epe luzerako kalte ekologikoak eragin ditzakeela ohartarazi zuen Greenpeace erakunde ekologistak. Hondamendi ekologikoak sei hildako eta 150 zauritu baino gehiago utzi ditu dagoeneko.

«Isuri toxikoak ingurumena eta elika-katea epe luzerako kaltetzeko arriskua» dagoela aitortu zuen atzo prentsaren aurrean eginiko adierazpenetan Greenpeace taldeko kimikari Herwig Schusterrek.

«Abiapuntu gisa hartu behar dugu 4.000 hektarea nekazaritzarako erabilezin daudela», adierazi zuen, AFP berri agentziak azaldutakoaren arabera.

«Bitxia iruditzen zaigu Hungariako agintariek biktimak lokatz gorriaren arriskuez informatu ez izana», gaineratu zuen.

Ekologistek eginiko azterketen arabera, Hungariako urek ohi baino artseniko eta merkurio tasa altuagoak dituzte.

Lasaitasun mezua

Ostegunean iritsi zen lokatz gorria Danubio ibaira, baina Hungariako Gobernuak krisiari garrantzia kendu nahi izan zion, hondamendi ekologikoa gertatzeko arriskua desagertu dela adierazita.

Jakinarazi zutenez, Europako bigarren ibai handienaren pH maila 8an dago, 14rainoko eskala batean «normala» dena. Aurrez adierazia zuten Danubiora iritsitakoan kutsadura maila jaistea espero zutela, eta horri laguntzeko etengabean aritu dira igeltsua uretan disolbatzen.

Bestalde, isuria eragin duen enpresak, Hungariako MAL aluminio ekoizleak -bertako putzuak gainezka eginda gertatu zen isuria-, azaldu zuen ezin izan zuela gertatutakoa aurreikusi, ez eta hura ekiditeko ezer egin.

Konpainiaren webgunean jarritako oharraren arabera, «orain arte ezin izan da ezbeharra zerk eragin zuen argitu».

Aluminioa ekoiztean sortzen den hondakina, «lokatz gorria» deritzona, «ez dute hondakin arriskutsutzat jotzen Europar Batasuneko araudiek», enpresak gaineratzen duenez.

Horrez gain, airetik ateratako irudiek lokatz gorriaren %98 oraindik putzu barruan dagoela erakusten dutela nabarmentzen dute oharrean.

Nolanahi ere, enpresak ziurtatzen du jazotakoa ez dela bere errua, eta 30 milioi florin (110.000 euro inguru) eskaini zituen isuriak kaltetutako bizilagunen artean banatzeko laguntza gisa.

KALTEAK

Ikusteko daude oraindik hondamendi ekologiko honen benetako ondorioak, baina dagoeneko Marcal ibaian zeuden arrain guztiak hil egin dira eta ekosistema erabat suntsituta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo