GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Hezkuntza pribatua

Berriz ere, Iruñeko Udalak, eta gainera deus eginen ez balu bezala, diru-laguntza eman omen dio Txantrea auzoan dagoen gaztelaniazko Hijas de Jesus izeneko ikastetxe katolikoari, 0-3 urteko hezkuntza gaztelania hutsean eman dezaten.

Hasiera-hasieratik adierazi behar dut oso gaizki irizten diodala horri, hainbat eta hainbat arrazoirengatik, gainera. Hasteko eta behin, Espainiako Estatuak akonfesional aitortzen omen du bere burua Konstituzioan; hortaz, ez dakit zergatik bultzatu behar duten ikastetxe erlijioso eta pribatu bat publikoak baino lehen, eta, kasualitatea orain ere, hara, gaztelania indartu eta bultzatu behar dute eta bitartean euskara, zokoratu, ahuldu eta suntsitu.

Iruñe osoan bi haur eskola euskaldun publiko baino ez daude eta, gainera, biak auzo berean, gehiago izorratzeko, Txantrean, alegia. Urteak eta urteak dira euskal haur eskola berririk ez duela egin UPNko Gobernuak, nahiz eta eskaera eta premiak guztiz nabarmenak izan.

Ingeles eta gaztelaniarekin, aldiz, ez da beste horrenbeste gertatzen. Nahiz eta aparteko eskaera eta mobilizaziorik inork egin ez, erdarazko eredu horiek erraztasun eta oparotasun guztiak gozatzen dituzte hemen eta han, euskararen aurrean, hau da, azken hizkuntza honen irainerako.

Berriz ere, gure zoritxarrerako, ikusten ari gara UPN, PSNren ordainezinezko laguntzarekin, zitalki jokatzen ari dela Iruñe eta Euskal Herri osoko bere hizkuntzarik zaharrenaren aurka. Arrazoiak? Auskalo! Baina, hasteko, behinik behin, erakusten ari dira demokrazia gabezia ikaragarria dutela, euskal kulturari amorraziozko gorrotoa diotela, inposizioa praktikatzea gustukoa dutela, dibertsitatea eta aniztasuna ez dituztela maite eta abar.

Bukatzeko, nik uste dut Iruñea bezalako udal batek deus baino lehen, eta inolako zalantzarik gabe gainera, bultzatu eta sustatu behar duela hezkuntza publikoa, bi hizkuntzetako bakar bat ere baztertu eta ahuldu gabe. Hori guztia oso ongi egin ondoren eta dirua sobran baldin badago, orduan aztertuko dugu zer-nolako itunak egiten ditugun hezkuntza pribatukoekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo