Aurreikuspenak gaindituta, zapore ona utzi du Atarrabian Nafarroa Oinezek
Aparkalekuak betetzeraino, jendetza izan zen igandean Atarrabian Nafarroa Oinez 2010en, antolatzaileek esandakoaren arabera. Jaia «arrakastatsua» izan zela nabarmendu dute eta, egunotako lanak amaituta, orain Tafallako ikastolarentzat lanean hasiko direla diote.
GARA |
Nafarroa Oinez amaituta, guztia aurreikusi bezain ondo atera izana pozik ospatu zuten Atarrabian. Antolatzaileek jaiaren gainean egindako balorazioan aipatu zuten igandeko aurkezpen ekitaldian dena borobila zela esan bazuten, «erabat borobildu» zela egunaren amaieran. Hala, Nafarroa Oinez 2010 «arrakastatsua» izan zedin parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete, «bereziki elkartasunezko festa alaia eta garbia izan zelako».
Festaren biharamunean, Nafarroa Oinezen testigua jaso zenetik guraso zein langileek «lan handia» egin dutela gogorarazi nahi izan zuten. «Helburua arrakastaz bete dugu, baina lana ez da oraindik bukatu», esan zuten. Atarrabiako eta ikastolako gunea bilduta, atzo Burlatan kokatutako gunea jasotzen aritu ziren. Lehen bi guneak garbitzen aritu ziren gauean; atzo goizean, berriz, 700 ikasle inguru aritu ziren gainerako guneak txukuntzen. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, oroko- rrean, guneak «nahiko garbi» geratu ziren eta eskerrak eman nahi izan zizkieten bertan izandakoei.
Gaur-biharretan ibilbidean erabilitakoa erabat jasota izatea espero dute Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolakoek, eta gero Tafallako Garces de los Fayos Ikastolarako materiala prestatzen hasiko dira.
«Aurreikuspenak beteta»
Aparkalekuak betetzeraino, milaka lagun hurbildu ziren igandean Atarrabiara, antolatzaileek atzo plazaratu zutenez. Makina bat lagun, gainera, garraio publikoan, oinez zein bizikletaz joan zen bertara.
Goizeko lehen orduan, ekitaldiari hasiera ematerako, jendea ibilbidean sartzen hasia zela esan zuten; «ikastolako jolastokia jendez lepo zegoen».
Bazkalordurako antolatutako hiru jantokietan, bestalde, -self-servicean, sagardotegian eta paella-jatean- jaki guztiak agortu ziren. Eguerdian, gainera, txosnetan «milaka» ogitarteko saldu zituztela esan zuten arduradunek. Outlet material salmenta ere arrakastatsua izan zen eta tonbolarako salgai jarri ziren 20.000 txartelak eguerdirako agortuta zeuden.
Antolatzaileek nabarmendu zuten, gainera, eguneko azken orduetan oraindik ere Atarrabian «jendetza ikaragarria» ikus zitekeela. Gazteen guneetan azken lekuan aritu ziren musika taldeek, Tximeletak eta Trikiziok, «guneak jendez lepo» izan zituzten. Atarrabiako gunean ere, Patxi eta Konpainiak herriko plaza dantzan jarri zuten. Eskoziarren gunean, berriz, Red Hot Chili Pipers taldea izan zen «eguneko izarra», antolatzai- leen esanetan.
Arazoak autobus zerbitzuekin
Nafarroa Baiko Iruñeko zinegotzi Rosana Navarrok ohar bidez salatu zuenez, Nafarroa Oinezeko antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin arren, «askok ezinezko izan zuten, geltokietan 45 minutu eta ordubete artean egon behar izan zutelako zain».
Navarrok azaldutakoaren arabera, «erabiltzaile askok autobusak pasatzen ikusten zituzten; beteta zihoazenez, ez ziren gelditzen». Gertakariok Atarrabiara joaterakoan zein itzulerakoan gertatu zirela dio zinegotziak. Era berean, 4. autobus linea indartu ote zen ez dakitela esan zuen, baina, hala izan bazen, «ez zen nahikoa izan euskararen aldeko jaira hurbildu ziren guztientzat». Iruñerriko Mankomunitatean azalpenak eskatuko ditu NaBaik.
2010eko ikastolen eta euskararen aldeko bost jaiak ospatuta, martxan dira dagoeneko datorren urterako prestaketa lanak. Ohi denez, maiatzaren lehen igandean Seaskak Senperen ospatuko du Herri Urrats jaia. Maiatzaren 29an, berriz, Ondarroan ospatuko da Ibilaldia, «Boga!» lelopean. Era berean, azken edizioa Agurainen ospatu ostean, datorren urtean ekainaren 19an Laudion izango du Araba Euskarazek txanda. Hortaz, Aiaraldera itzuliko da Arabako ikastolen aldeko jaia, 2005ean Amurrion ospatu zenetik.
Hurrengo festa, bestalde, Gipuzkoako Kilometroak jaia izango da. Duela bi aste Lezon bertan hartu zuen testigua Azpeitiko Ikasberri ikastolako Aitor Unanue lehendakariak. Behin Pasaia-Lezo Lizeoak lanak amaituta, datorren edizioa prestatzeko lanean hasiak dira Azpeitian.
Azkenik, ospatu berri den Atarrabiako Nafarroa Oinez jaian baieztatu zen bezala, Tafallako Garces de los Fayos ikastolak izango du 2011ko jaia antolatzeko ardura. Ikastolako arduradunek «erronka ederra» dela esan zuten. GARA
Nafarroa Oinezeko antolatzaileek, festaren ondorenean egindako balorazioan, prestatutako hiru jantokietan jaki guztiak amaitu zirela esan zuten, baita tonbolako 20.000 txartelak ere.