GARA > Idatzia > Euskal Herria

Saltoki gehiago izango ditu Gernikako Urriko Azken Asteleheneko azokak

Eguraldi iragarpenen arabera, giro hotza izango da astelehenean, baina ez du euririk egingo. Okerrik ezean, beraz, ohiko jendetza bilduko da aurten ere Gernikan, Urriko Azken Asteleheneko azokak erakarrita

p015_f02.jpg

GARA | GERNIKA

Gernikan dena prest dute Bizkaian, Santo Tomasekoarekin batera urteko egutegian garrantzitsuenetakoa den azoka hartzeko. Aurten berrikuntza nabarmenik ez dakar hitzordu nagusi honek, atzo udal agintariek azaldutakoaren arabera.

Aurreko edizioetan bezalaxe, Bizkaiko baserrietako ortuetako produkturik onenak izango dira Gernikako azokan.

Guztira 335 saltoki egokituko dira, iaz baino 36 gehiago, atzo Udalak zehaztutakoaren arabera. Juan Calzada kalean, Artekalen, Pasealekuan edota Adolfo Urioste kaleetan kokatuko dituzte gehienak.

Barazkien atalean, indaba espezie ezberdinak izaten dira protagonista nagusiak, «gernikar» ospetsuak barne, sasoiko fruitu tipikoekin batera, intxaurrak, urrak, gaztainak...

Horiez gain, jakien saltokiak beteko dituzte, besteak beste, gazta, sagardo, ezti, ogi, euskal pastel edota txakolinak, baina Gernikako Azken Astelehenean badaude ikusgai nekazaritzarako tresneria eta landareak ere, artisauen saltokiekin batera.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, gazta izango da saltoki gehien beteko duen produktua, 65 guztira. Bestalde, 54 postu beteko dituzte artisauek eta 42tan izango dira ortuariak salgai.

Iaz, 5.000 euro enkantean

Urtero bezala, ortuariak, frutak, loreak eta landareak, txakolina, gazta eta eztia eramaten dituzten ekoizleak lehiaketan neurtuko dira. Eguerdi partean, 13.30 aldera, sail bakoitzeko sari banaketa egingo dute, eta segituan gazta dastatzea eta enkantea jarriko dituzte martxan. Iazko enkantean, esaterako, 5.000 euro ordaindu zuten Bilboko Porrue jatetxekoek Elgoibarko Mausitxa baserriko gazta erdia eskuratzeko.

Eguraldia ez da oztopoa izaten Urriko Azken Asteleheneko hitzordura begira, urtero milaka lagun biltzen baitira bertan. Hala ere, komeni da aurreikuspenei adi egotea. Euskalmetek dioenez, asteburutik aurrera eguraldi txarra dakar, eta astelehenean giro lainotsua izango omen da. Kontuan hartu behar da, era berean, tenperaturak behera egingo duela.

Azken urteotan krisialdiak salmentetan eragin zuzena izan badu ere, Gernikako Urriko Azken Astelehenak erabat egun erakargarria izaten jarraitzen du bizkaitar askorentzat. Urtero bisitarien kopurua neurtzen da. ehun mila lagun inguru bertaratzen dira Gernikara azoka handiaren egunean, eta horien artean badaude erostera doazenak, jakina, baina askok eta askok egun pasa egingo dute Gernikan, azokaren inguruan sortze den giroak erakarrita.

335 saltoki

Udal arduradunek atzo jakinarazitakoaren arabera, Gernikako hiriguneak 335 saltoki inguru hartuko ditu astelehenean, iaz baino 35 gehiago, eta gaztagileak dira saltoki gehien jarriko dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo