GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Irati Epelde Pagola Gurekin Jaiko kidea

A ze txapuzero koadrila!

Nork ez ditu gogoan orain dela 10-12 urte Zarautzen ospatzen genituen Koadrila Egun haiek? Hango saltsa eta adar-jotzeak, hango giro natural eta herrikoia... eta hura jendetza! Orain gutxi parrandan hasi direnek ere entzunak izango dituzte kontu hauek zaharragoen ahotik. Entzundakotik beharko du; izan ere, azken urteotan, bizi eta gozatutakotik ez dugu izan askorik, zoritxarrez. Ondo errotutako festa izan arren, azken bospasei urteetan Vista Alegreko goitibeheren antza hartua zuen. Eta parte-hartzea... azkenean jai-eguna bera zalantzan jartzeraino.

Eta zer pasatu da aurten? Udala etorri eta zera esan digu herriko gazteoi: «Hara! Gure goitibehera garesti hau geldirik dago, jendeak ez du parte hartu nahi gure Koadrila Egunean. Egingo al duzue berriz ere zuen goitibehera paregabe hori, gureak luxuzkoa izan arren ez baitu ezertarako ere balio?».

Eta zein izan da herritarron erantzuna? «Oraindik badugu festa herrikoien goitibehera bultzatzeko energiarik; urteak daramatzagu zuen esku-frenoa sufritzen, baina indarra eta irudimena sobera ditugu oraindik... Festaren bidez, sentitzen duguna adierazi nahi dugu. Eta hori badakigu egiten. Zuek ez etorri berriz ere festa animatzera, mesedez, herritik eta herriarentzat sortutako jaiek berezkoa baitute animazioa. Eta etortzen bazarete, gogoratuko dizuegu badugula lekutxo bat gure festa herrikoien eta jai parte-hartzaileen goitibehera honetan. Martxan jartzeko borondate guztiz bultzatzen duten lagunen tokia da; abiada hartu arte eskuak urratzen dituztenena».

Espero dugu azken urteetan Udalak herri-mugimenduaren goitibeheraren errodamenduei makilatxoak sartzen ibili ostean jasotako irakaspenetatik ikasiko zuela. Eta guk garbi daukagu, jai-eredu parte-hartzaile bat bultzatuko duten lagunekin lan egiteko eta irriak osatzeko prest gaude, eredu parte-hartzaileari ezetz esatea herriari ezetz esatea delako.

Asteburu honetan Koadrila Eguneko batzordeak antolatu dituen ekimenetan elkar ikusiko dugulakoan, gora Jaiak herritik, eta herriarentzat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo