GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Rosario Huizi Vaquero Administrazioan Euskaraz Taldea

PSN eta euskara

Noaingo aireportuan errotulu elebidunak jartzeko PSNk egin berri duen eskaera dela eta, AETk, harridura osoz, bere adostasuna adierazi nahi dio alderdi honi, baina galdetu nahi genuke zergatik ez duten exijitzen Madrilgo Gobernuak Nafarroan dituen administrazioen egoitzetan, INEMen, Gizarte Segurantzan, Haziendan... ere, dena, langileak barne, bi hizkuntzetan egotea?

Eta euskaldunon aldeko hain «borondate ona» ikusirik, eskatu nahi dugu, hurrengo hauteskunde bitartean, beste hainbeste gauzatan berdin egitea: Diputazioaren eraikina-eta, adibidez, nafar guztiontzat dira-eta. Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideko eraikinak ere bai, noski. Berdin egin daiteke Nafar Administrazioak argitaratzen dituen deialdien inprimakiekin edota Baluarte enpresa publikoaren programazioekin ere.

Zuek, UPNk bezala, ez duzue zeuen legedia bera ere betetzen. Duela hogei urteko Ministerio Aginduak ezartzen zituen betebeharrak, euskara jakitea meritu moduan izanen zuten lanpostuak zehaztea, kasu, paper hutsean gelditu dira. Bi langileri baino ez zaie euskara jakitea eskatu.

Mila aldiz eskatu dugu nafarrok, gutxienez, Euskararen Legea betetzeko, leku eta gai guztietan, baina zuek lagundutako Gobernuak ez du kasurik egin, eta zuek txintik ere ez duzue esan. Ezin dugu ahaztu zuen gobernu batek egin zuela gaur egun jasaten dugun lege hori. Ezta zuek maneiatzen dituzuen administrazioetan berdin-berdin egiten duzuela ere.

Kasu honetan lotsagabekeria handia erakusten duzue, zuek baitzaudete Madrilgo Gobernuan eta hori da aireportuen eskumena duena, bertan behar dena egiteko, inongo eskaerarik itxaron gabe. Ala horrek guztiak ez al du hauteskunde etekinik ematen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo