GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Fantasia eta beldurra aretoetatik aterako ditu Donostiako Asteak

Urriaren 30ean hasiko da Jose Luis Rebordinosek azkenekoz zuzenduko duen Beldurrezko eta Fantasiazko XXI. Zinemaren Astea. Munstroen kalejira berreskuratzeaz gain, «Zombiewalk» martxa ere egingo dute, Euskal Okela taldeak antolatuta, Euskal Herriko lehen zonbi filma egiteko xedez.

p041_f01_148x104.jpg

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Berritasun ugarirekin helduko da Donostiara datorren urriaren 30ean hasiko den Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren XXI. Astea. Hasteko, aurtengo edizioa zuzendari lanean Jose Luis Rebordinos duen azkena izango da, 2011tik aurrera Zinemaldiaren ardura hartuko baitu berak. «Aurrerantzean aretoetako besaulkietatik gozatuko dut beldurrezkoa filmez», adierazi zuen Rebordinosek berak atzo Victoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotziak ere ez zuen aurreratu nahi izan nork hartuko duen karguaren lekukoa, «hau ez baita horretarako une aproposena». «Beldurrezko Astea amaierara iristear dagoenean emango dugu horren berri», gaineratu zuen. «Ziur gaude -erantsi zuen oraindik Astearen zuzendari denak-, izendatu dugun pertsonak ezin hobeto egingo duela, eta, beraz, niri erakutsi didazuen konfiantza berbera emango diozuela espero dut».

Film emanaldiez gain, ekintza paralelo ugari izango direla iragarri zuten, eta horrenbestez, parte-hartzea ez dela aretoetara mugatuko. Horretarako, besteak beste, urtero edizioa zabaltzeaz arduratzen den pertsonaia beldurgarrien kalejira berreskuratu dute, izan ere, iaz, krisiaren eraginez, bertan behera gelditu baitzen, jende askoren haserrerako. «Askotan gauza bat kentzen duzunean ohartzen zara zein arrakastatsua zen, eta kalejirarekin horixe gertatu zaigu», gehitu zuen Rebordinosek. Hala, Carros de Foc taldeak, 21 metroko luzerako dragoi batekin, «La Leyenda de los pueblos» izeneko ikuskizuna aterako du kalera, urriaren 30ean. 19.00etan Okendo plazatik abiatuta, Bulebarra eta Alde Zaharra zeharkatuko ditu kalejirak.

Power Ranger eta zonbiak

Fantasia, musika, eta zuzendariaren hitzetan, «erokeria» ukitua 8T Manga taldeak jarriko du. Judas Arrieta euskal artista eta Ninja Pastori taldea batu dira, «manga punk» joerakoa dela esanez deskribatzen duten taldea osatzeko. «Power Ranger gerlariez jantzita Alde Zaharreko kale eta tabernetan ibiliko dira 70eko eta 80ko hamarkadetako telesailetako kantuak abestuz» azaldu zuen zuzendariak.

Asteak beste ekintza bat ere berreskuratu du, zortzi urteko hutsunearen ondoren: film mutuari zuzeneko musika jartzea. Honakoan, Mikel Azpirozek eta Hasier Oleagak «Nosferatu, el vampiro» (Friedcrih W. Munrau) filma jazz funk doinuz jantziko dute -azaroaren 5ean, 17.00etan Antzoki Zaharrean-.

Azaroaren 5ean bukatuko da Astea, nobedade batekin: «Donostia Zombiewalk» ekintza. Euskal Okela izeneko taldeak antolatua, helburu bat dutela: Euskal Herrian errodatutako zonbien lehen filma egitea. Horren harira, izaki horien inbasioa irudikatuko duen ekintzan parte hartzera dei egin zuten.

Arropak urratuta eta izpiritu gizajaleaz, martxa 19.00etan Bulebarretik abiatuko da. Etxean bere burua margotu ezin duenarentzat gune bat zabalduko dute Euskal Okelako kideek 14.00etatik aurrera Bulebarrean, eta «salneurri sinboliko baten truke» aurpegia margotuko diote nahi duen orori. «Xedea zarata egin eta jendearen arreta bereganatzea da -argitu zuen Rebordinosek- filma egiteko laguntza behar baitute».

ANIMAZIOA, SARITUTA

Sail Ofiziala osatzen duten hogeita bat film luzeetatik, marrazki bizidunak dira lau. Hori dela-eta, Rebordinosek azaldu zuenez, lan horiekin sail berezi bat osatu dute. Ikusleen boto gehien biltzen dituenak 3.000 euroko diru saria jasoko du.

SARRERAK

Antzoki Zaharreko leihatila 16.00etan irekiko dute, Asteko filmak ikusteko bonuak erosi ahal izateko, eta asteazkenerako jada hasiak ziren zaleak ilara egiten. Sarrera arruntak, berriz, astelehenetik aurrera jarriko dituzte salgai, 6 euroren truke.

«Excepto `Rubber', están las películas que queríamos»

«Estoy realmente satisfecho con la programación de esta Semana», confesó José Luis Rebordinos. Y es que, según el director del certamen, han logrado llevar al cartel «todas la películas» que querían, a excepción de la francesa «Rubber», que por temas de fecha «ha sido imposible conseguir una copia. Destacó la inauguración con «Rare Exports», galardonada como mejor película y mejor director en Sitges y «A serbian film», llena de atrocidades y ha sido, incluso, censurada. «Nos aseguraremos de que no entren menores en la sala», aclaró. La programación al completo puede consultarse en la web www.donostiakultura.com/terror. O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo