GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako enpresen %20k bere plantila murrizteko asmoa du, Adegiren arabera

Adegiren esanetan, Gipuzkoako enpresak «normaltasunetik» urruti daude. Horregatik, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko, enpresek eta langileek ahalegin bateratua egin behar dutela esan du.

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Azken hilabeteetan aurrerapausoak eman dituzten arren, Gipuzkoako enpresak «normaltasunetik» urruti daudela adierazi zuen atzo Adegik eta urteko bigarren seihilekoan 600 bat lanpostu suntsituko diren aurreikuspena dutela. Horixe baieztatu zuen Eduardo Zubiarre patronaleko lehendakariak.

Urteko lehen seihilekoan ekonomiak %0,1 egin du behera, eta Zubiarrek esan zuenez, Gipuzkoako ekonomiak aurten ez du hazkunderik izango, Adegik herrialdeko enpresen artean egin duen inkesta baten arabera.

Inkesta horretan oinarrituta, enpresen %68k eskaeren atala ahul dutela adierazi zuen Zubiaurrek, eta %71en fakturazioa, apirileko egoerarekin alderatuta, txikiagoa edo berdina dela, eta ekoizpen ahalmenaren erabilera batez beste %75ekoa dela.

Era berean, enpresen %20k plantillak murriztea aurreikusten dutela baieztatu zuen Adegiko buruak, eta ondorioz %0,3ko enplegu galera aurreikusten dutela Gipuzkoan, 600 lanpostu suntsituz, gutxi gorabehera. Era berean, Gipuzkoako enpresa txikien %7 kinka larrian daude eskaeran eta salmentan %15eko murrizketa jasan ostean, eta enpresa hauek %10eko langile soberakina dute, Adegiren arabera.

Bestalde, «azken urte eta erdi honetako egoera korapilatsuari aurre egiteko» enpresek ohiko gastuak doitu behar izan dituztela adierazi dietela esan zuen eta %45ek salmenta prezioak gutxitu dituztela.

«Gauzak horrela, Adegik garbi ikusten du eta ezinbestekotzat jotzen du enpresek eta langileek ahalegin bateratua egin behar dutela enpresen produktibitate eta lehiakortasuna hobetzeko, hori izango baita bide bakarra kanpo merkatuetan kuota handiagoa izateko», adierazi zuen Zubiarrek. «Ahalegin hori egiten badugu bakarrik lortu ahal izango dugu krisialdi honen aurretik genuen ongizate maila berreskuratzea», gaineratu zuen.

Horretarako, Adegik uste du Gipuzkoako enpresek eta langileek «hainbat apustu» berritu egin behar dituztela , «malgutasunaren eta dinamismoaren alde». Hein horretan, «produktu eta zerbitzuen maila teknologiko handiagoaren, nazioarteratze tamaina egokiagoaren, eta oro har, berrikuntza eta produktibitate maila hobetzearen aldeko» apustua egitea beharrezkoa dela defendatu zuen Zubiarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo