GARA > Idatzia > Kirolak

Aizkora Bizkaiko Irekiko finala

Freskotasuna eta eskarmentua, elkarren aurka

Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo gazteak Julen Mendieta eta Juanjo Lopez beteranoen aurka neurtuko dira bihar eguerdian, 12.00etan, Euban.

p046_f02.jpg

Jon LEUNDA

Bizkaiko Irekiaren finala jokatuko da bihar Eubako pilotalekuan 12.00etatik aurrera, eta bertan iazko bi bikote finalistak arituko dira aurrez aurre. Batetik, egungo txapeldunak, Rekondo eta Atutxa; bestetik, Lopez eta Mendieta izango dira nor baino nor.

Gazteak eta beteranoak elkarren aurka arituko dira, eta gazteen aldeko joera dago une honetan. Egungo txapeldunak izateaz gain, freskotasun handia dute, eta halako lanetarako bikote aproposa osatzen dute.

Rekondo maila handiko aizkolaria da, baina aurtengo Euskal Herriko Txapelketan zaplazteko handia hartu du, Bigarren Mailara jaitsi baita. Aukera paregabea dauka, bai bere maila erakusteko, bai bere buruarengan konfiantza hartzeko, hemen txapel bat jantzita.

Bere alboan, Atutxa II.a izango da. Gazte hau da une honetan Bizkaiak maila nagusian duen aizkolari bakarra, eta finalean sartzetik oso gertu izan zen. Aurten lortu ez arren, denek garbi dute laster izango dela maila nagusiko finalean. Lan hauek oso ongi datozkio.

Beren aurka, Mendieta beteranoa eta Lopez izango dira. Mendieta hainbat urtetan izan da Bizkaiko txapelduna, baina Atutxa gazteak azken urte hauetan kendu dio garaipen hori, eta Ireki honetan berreskuratu nahi du banaka lortu ez duena. Horretarako lagun aproposa du, izan ere, Lopez Euskal Herrian dagoen aizkolaririk handienetakoa da. Abuztuan Urrezko Kopa irabazi zuen Donostian, eta horrek ere indarra emango zion.

Bikoterik onenak

Bizkaiko Irekiko finalera bikoterik onenak heldu dira. Hiru bikotez osatutako bi multzo ziren hasieran. Lehenengoan ziren Atutxa-Rekondo, eta haiekin batera, Olasagasti-Garitaonaindia, eta Larretxea-Aldape. Beste multzoan, Mendieta eta Lopez izan ziren onenak, eta haiekin lehian Nazabal-Irazabal eta Arrospide-Txikon aritu ziren.

Txapelketaren helburua Bizkaiko aizkolaritza indartzea da, Euskal Herriko aizkolaririk onenak herrialdeko onenekin bikote eginda arituz. Izan ere, esan bezala, Atutxa II.a bakarrik ari da Euskal Herriko Lehen Mailan, eta hori aldatu nahi dute.

Urrezko Aizkorako eran egingo da finala, antolakuntza ere Egur Sportek egiten baitu. Sei lan bete beharko dituzte: laburrak eta azkarrak, seigarrena izan ezik, iraupen proba da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo