GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Non dago ELA?

Pentsatu nahi dut EAJk ELArengan izan dezakeen eragina mugatua dela, iraganeko garai batzuetan ez bezala. Non dago, orduan, arazoa? Non, oztopo gaindiezinak? Non urratsak galarazten dituen arrazoia

ELA sindikatuak 1997an, non eta Gernikan, Estatutuaren agorpenaren inguruko aldarrikapen solemnea egin zuen. Ongi dakit, nihaur bertan nengoelako. Handik egun gutxitara, kartzelan sartu ninduten, beste mahaikideekin batera, baina atxilotu aurretik eman nuen azken prentsaurrekoa ELAren egoitza batean izan zen. Jakin badakit ELAk urrats ausartak egin dituela eta haren ekarpena biziki emankorra izan dela azken urteotako ibilbidean. Nabarmena da, bestalde, EAJrekiko izan duen urruntze joera. Halaber, urrun gelditu dira UGT eta CCOOrekin batera ibiltzen zen garaiak. Azken erreforma neoliberalei aurre egin die ELAK LABekin nahiz beste sindikatu aurrerakoiekin, espainiar burokrazia sindikalek ez bezala.

Ez dut, honenbestez, ELAren kontrako inolako joerarik. Errespetu handia merezi dutelakoan nago. Baina, horregatik hain zuzen ere, ez dut ulertzen zer egiten ari diren oraingoan. Hobe esanik, zaila egiten zait egiten ez dutenaren zergatia konprenitzea.

Aspaldi bukatu zen hitz ederren tenorea. Aldarrikapen solemneak ongi daude, baina eragile guzien konpromiso argi eta ausartak behar dira orain. Urratsak, mobilizazioak, akordioak, ekimenak, proposamenak, bide berriak... Hauek guziak gauzatzen ari dira dagoeneko, baina, esanguratsuki, kasu gehienetan ELAren parte hartzerik gabe!

Zergatik? Teorian, ELAk aspaldi eskatzen zuen egoeran gaude. ELAk eskatzen zion urratsa egin du ETAk. ELAk elkarlanerako oztopo nagusitzat jotzen zituenak desagertuta edo desagertzeko bidean daude. Urrats berrietarako aukera inoiz baino errazagoa da. Inoiz baino jendarte presio handiago eta zabalagoa dago indar bilketaren alde, baita ELAkideen artean ere. Berriz, aitzakiak nagusitzen dira eta ELAren sinaduraren falta deigarri bihurtzen da jende askorendako.

Indar bilketak denon ahaleginak eskatzen ditu. Urteetako istorio itsusiak gainditu behar dira, nork bereari etsi gabe. Nortasun ikur berriak sortu, zabaldu eta errotu behar dira eta batzuek beldurrez ikusten ahal dute hau dena, zerbait galduko dutelakoan edo. ELA lidergo jarreran dago langile mugimenduan. Bildu dituen zaleen kopurua izugarria da. Ibilbide luzea egin du, ongi sustraitutako egitura, mezu eta zuzendaritza dituelarik. Ez dute, nik dakidanez, inolako barne krisirik. Pentsatu nahi dut EAJk ELArengan izan dezakeen eragina mugatua dela, iraganeko garai batzuetan ez bezala. Non dago, orduan, arazoa? Non, gainditu ezineko oztopoa? Non urratsak galarazten dituen arrazoia, ELAren zuzendaritzan? Hau da, borondatean datza auzia? Zuzen esan dezadan, ez dute urrats gehiago egin nahi?

Mahai gainean jarri dituzten arrazoiak, egia esan, aitzakiak dira, batez ere. Besteengan jarri nahi dute beren ausardia ezaren ardura. Nekez gaindituko dugu gaur egungo egoera eragile guziek horixe bera egiten baldin badute. Ongi dago besteek egiten dutena eta egiten ez dutena aztertzea edota kritikatzea, baina honekin batera, nork bere burua ere aztertu behar du.

Zorigaitzez, uste dut ELAk ezin duela «autoazterketa» hau gainditu. Jakina, biziki gustatuko litzaidake oker egotea eta laster idatzi ditudan hitzak irentsi behar izatea. Hala bedi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo