GARA > Idatzia > Kultura

«Zuberoa beste herrialdeetarik bat da, Euskal Herria osotasun gisa ikusten dut»

p047_f01_148x116.jpg

Joanes Etxebarria

ZUBEROAKO BERTSOLARIA

Zuberoako Barkoxe herrian sortu zen duela 26 urte, justuki Pierre Topet «Etxahun» koblakari handiaren herri berean. Kazetaria da, begirada sakoneko mutila, eta mintzo delarik bere ahotik ele interesgarriak baizik ez dira ateratzen. Egun, bertsotan dabilen zuberotar bakarra da, eta euskalki horretan egiten du kantuan, baita eguneroko bizimoduan ere.

Zuraide ETCHEMENDY | BARKOXE

Zergatik kantatzen duzu zubereraz?

Eta zergatik besteek ez dute kantatzen beren euskalkian? Nik hori nahi nuke galdatu, ezen, ikusten delarik zein indar egiten duten Bizkaian, adibidez, heien euskalkiari toki egiteko, eta plazer egiten duela heiek entzuteak... nik ez dut ene burua ikusten Barkoxeko ostatu batean euskara batuan kantatzen. Ikastolan ibilia naiz, eta agian hobeki maneiatzen dut euskara batua, baina ene hautua zubereraz egitea da, funtsean hala bizi naizelako egunerokoan.

Zuberorat arribatu eta edozein tokitan kantuan ikusten duzu jendea...

Ez dakit azaltzen zergatik gertatzen den hori, baina badakit egia dela. Ene herrian ikusten dut garbiki, jende anitz ikusten dut kantuan, bestan delarik edo beste edozein lekutan, eta kuriosoa da, ber denboran ez dakitelako euskaraz hitz egiten, baina euskarazko kantu anitz ezagutzen dituzte, nik baino haboro [gehiago].

Zuberoan sortu zara eta Zuberoan bizi, zer du horrek on eta zer du txar?

Bada zuberotar jendearen baitan anitz maite dudan zerbait, eta aldi berean penagarri zaidana ere. Euskal Herriko ardi beltzak izatea. Badakigu badirela beste sei herrialde euskaldun, sei nortasun badira, eta baita haboro ere, eta guk denak manex-ak direla erraten dugu, gure burua heietarik aparte ezartzen dugu usu, bizitzeko manera berezia dugulako agian, kulturari eusteko molde bat. Baina penatzen nau, nik Euskal Herria osotasun gisa ikusten dudalako, kultura eta hizkuntza bera dugulako, eta bereizketa horrek min egiten dit.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Bertsozale bilakatu naiz duela lau-bost urte. Maulen bertso eskola sortu zen, eta Xan Alkhat, Erik Etxart, Ramuntxo Christy eta Mixel Etxekoparrekin batera hasi nintzen kantuan. Ni ere bertsoen birusak harrapatu ninduen, eta geroztik hor nabil bertsolari gisa, baina hau dut lehen txapelketa, eta ikusi eta bizi izan dudanaren arabera mundu berri bat ezagutu dudala erran nezake, uste bainuen lehia eta aurkakotasun handiagoa izanen zela, baina laguntasuna eta goxotasuna besterik ez dut aurkitu.

Eta ustekabean txapelketako finalerdietan sartu zara...

Muskildin hasi nuen xapelketa, eta ez nuen ene burua kokatzen finalerdietan, nik ene barneko hitzik onenak kanporatu nahi nituen, gu ikustera heldu zen jendeari memento goxo bat pasarazi. Lehen aldia nuen zaleen aitzinean kantatzen nuela, eta ukan nuen harreraz biziki eskertua agertzen naiz. Orain finalerdietan, helburu berarekin agertu nahi dut, ene pentsamenduak bertso bilakatu eta jendea gozarazi.

Anitz jenderen ahotan ibilki zara azkenaldi honetan, gauzak errateko manera eta estilo berezi bat duzulako; hala erran dute txapelketa hau jarraitu duten batzuek, baina zein da zure bertso estiloa?

Konprenitzen dut jendeak maitatzea ene estilo hori, eta hau umiltasunez erran nahi nuke, nik ere gisa horretako bertsolariak ikusten ditudanean plazer handia ukana baitut, eta anitz maite ditut. Hau da, ni berant hasi naiz bertsoak kantatzen, ez naiz heldu bertso eskoletatik, karrikan, ostatuan, jendearekin egin naiz bertsolari, eta sentitzen dudan hura kantatzen dut, ez naiz bereziki lotua metrika eta teknika aldetik, nahi dudan horri kantatzen diot, eta ez dut min hartzen puntuazio haboro edo gutiago lortzen baldin badut.

Bertsolari bat?

Johaine Bedaxagar, nahiz eta ez dakien bera bertsolaria dela.

Gogoan duzun bertsorik?

Lazkao Txikik ispilua aitzinean zuela kantatu zituenak.

Amets bat?

Herri honen autodeterminazio eskubidea gauzatzea.

 
ZUBERERA

«Nik ez dut ene burua ikusten Barkoxeko ostatu batean euskara batuan kantatzen»

TXAPELKETA

«Lehia eta aurkakotasun handiagoa espero nuen baina laguntasuna eta goxotasuna besterik ez dut aurkitu»

Ez militantziagatik soilik...

Hego Euskal Herriko anai-arrebei Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketarat etortzeko motibo bat galdeginik, Amets Arzallusek zera erantzun zuen: «Izanen da konpromisoz eta euskararen aldeko militantziagatik gure txokoetarat helduko denik, eta eskertzekoa da hori, batik bat jakinik zein egoera zailean ageri den euskara gure hiru herrialde hauetan, baina erranen nioke jende horri gozatzeko aukeragatik ere etor dadila, une goxo eta atsegin bat pasatzeko parada ukanen duelako».

Jakina, bi motiboak elkarri lotzeko manera ukan dezake Xi-La-Ba bertso txapelketa segitzen duenak. Gaur Gabadi herri tipian erabakiko da azaroaren 13ko final handian kantatuko duen zortzikotea. Xalbador handiaren semea bertsotan arituko da. Joanes Etxebarria zuberotar kantorea ezagutzeko parada ukanen du ezagutzen ez duen horrek. Miren Artetxek bertsotan duen etorriak xarmatzen gaituela ezin ahantzi. Patxi Iriartek ironiarekin nola jokatzen duen entzun daiteke. Ximun Cazaubonek gaztetasuna ekarriko du plazara. Eta Sustrai... Sustraik hitzekin jolasean jeinu bat dela erakutsiko du berriz ere. Guztia, paisaia eder eta liluragarri batean. Z. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo