GARA > Idatzia > Kultura

Jaio da Laneki Hiztegia, sarean den euskarazko lehen hiztegi teknikoa Lanbide Heziketarako

O.L. | DONOSTIA

Urteetako lanaren ostean, Lanekik, Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkarteak, Laneki Hiztegia aurkeztu zuen atzo Donostian, Lanbide Heziketarako euskarazko lehen hiztegi teknikoa online. Iñaki Kondek, elkarteko lehendakariak azaldu zuenez, hiztegi tekniko honetan, arlo profesional bakoitzarekin lotutako terminoak zehazki itzuli dituzte, Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. Horrenbestez, ile-apaindegia, elektronika, mekanika edota metalaren inguruan ikasketak egiten ari direnek badute euren arloarekin zuzenean lotutako kontsultak non egin.

Sarean egoteak, hain zuzen, abantaila handiak dakartzala erantsi zuen, izan ere paperean argitaratuz gero, «berrikuntzak, aldaketak eta eguneraketak egitea» ez baita erraza izaten. Konderen aburuz, merkatuan zegoen hutsune handia bete da proiektu honekin, «lan munduan etengabe terminologiak sortzen direlako».

Euskaraz ia sei mila termino azaltzen dira eta gaztelaniaz zerbait gutxiago, 5.600. Bertan aurkitu daitekeen informazioa, besteak beste, gaztelaniazko eta euskarazko termino «100% parekideak», horien sinonimo eta testuinguruak bi hizkuntzetan, Elhuyar Fundaziotik Antton Gurrutxagak adierazi zuenez. Era berean, termino bakoitza zein lanbidetakoa den eta zein materialetan azaltzen den ere badakar. Esteka baten bidez, euskarazko terminoaren jatorrizko tenstuingurua ikus daiteke, kasuan kasuko materialetan.

Proiektuak 2001ean eman zituen lehen urratsak, Lanbide Heziketako materialak itzultzeko eta erabiltzaileei eskaintzeko www.jakinbai.com webgunea sortu zenean. Lana aurkeztuta, Kondek Laneki Hiztegia «erreferente» bilakatzea opa zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo