GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

TOP 14 Biarritz

Zuri-gorriak denboraldiko unerik onenean itzuliko dira Liga jardunaldietara

J.L.

Apar artean dabil Biarritz, une gozoak dira orain, denboraldi hasiera kaskar baten ostean garaipenen bidean sartu baita, eta badirudi hortik ateratzea zaila egingo zaiela gainerakoei.

Ligako azkeneko partidak irabazi ditu, baita Heineken Kopako bi neurketak ere, final-laurdenetarako bidean jarriz. Azkeneko bolada on horrekin jarraitu nahi dute lapurtarrek, eta horretarako aukera ona izango dute gaur 14.30etik aurrera Briveren zelaian.

Lapurtarrak zazpigarren postuan daude une honetan, baina puntutan Avironekin eta Stade Françaisekin berdinduta ere bai. Beraz aurrera egiteko une aproposa da egungoa. Brive ez dabil horren ongi, hamaikagarren postuan baitago 17 punturekin.

Jokatu dituen bederatzi partidetatik hiru irabazi ditu, bat berdindu eta bost galdu ditu. Beraz, lapurtarrentzat leku ona izan daiteke puntuak pilatzen jarraitzeko, eta Liga hau irabazteko hautagaia dela denei erakusten jarraitzeko. Gainera, badirudi Yachviliren menpekotasun hori ere gainditzen ari dela talde lapurtarra, eta beste jokalari batzuk ere puntuak egiteko gai direla, hori ikusi baitzen azken partidan.

Jokalariei dagokionean, Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak eman du ezagutzera zelaian jarriko duen hamabostekoa, eta honako hau izango da: Bosch, Bidabe, Gimenez, Trainier, Ngwenya, Traille, Yachvili, Guyot, Lakafia, M.Lund, E.Lund, Thion, Jhonstone, Terrain eta Marconet. Aulkian, berriz, August, Coetzee, Taele, Faure, Peyrelongue, Mignardi, Fior eta Barozzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo