Valladolidera itzulera (12.30, ETB-1)
Vidorretak agur esan zuen lekua, urtebete geroago
Joan den denboraldiko aurreneko itzulia azkenaurreko postuan amaitu zuen talde bilbotarrak. Biharamunean Indautxuko teknikariak dimititu egin zuen.
Arnaitz GORRITI
Ezin da inor ere Volgograden ibili II. Mundu Gerran -artean Stalingrad zuen izena hiriak- nazien eta Armada Gorriaren artean izandako borroka latzak irudikatu gabe; ezin da Hiroshima bisitatu bonba atomikoaren aztarnaren bat bilatu gabe; Bizkaia Bilbao Basketeko inor ere ezin da azaldu Valladolideko Pisuerga pabilioira Txus Vidorretaren azken partida oroitu gabe.
Bizkaiko hiriburuko taldearen buruzagitzan bederatzi urte egin ostean, Indautxuko teknikariak Valladoliden aurka zuzendu zuen bere azkeneko neurketa. Sekulako itxaropenez ekin zion Bilbao Basketek denboraldiari: inoizko talderik onena zuen, hurrengo denboraldian Euroliga jokatzeko itxaropenak ziren nagusi, La Casillari agur esan eta Barakaldoko Bizkaia Arenan ostatu hartu zuen taldeak Miribillako kantxa eraikitzen zen artean, Kopa ere etxean jaso behar zuen... Hala, denboraldiari inoiz baino anbizio handiagoz ekin zion Bilboko taldeak, ACB ligako handienen artean lekua egiteko itxaropentsu.
Baina dena oker atera zen. Lesioek, zenbait jokalariren erregulartasun faltak eta emaitza txarrek urduritasuna errotu zuten talde bizkaitarrean. Behinolako irribarrea ezkutatu egin zitzaien beltzezko gizonei, eta Valladolidera, 2009/10 denboraldiko aurreneko itzuliko azken partidara, azkenaurreko postuan iritsi ziren Vidorretarenak, lau garaipen tristerekin.
Izaera berri baten bila
2010eko urtarrilaren 9a zen. Izotza eta elurra saihestuz, 300 zale joan ziren Euskal Herritik Valladolidera beltzezko gizonak animatzera. Baina taldeak ez zien zaleei lotsa baino eragin. Itxuroso ekin bazioten ere, bigarren laurdenak jota utzi zituen Vidorretarenak: 29-9ko partziala jaso zuten. Garaipena ezinezko bilakatu zen, eta zenbait jokalarik besoak nabarmen jaitsi zituzten.
«Taldeak bere izaera galdu du», azaldu zuen Indautxuko teknikariak prentsaren aurrean, baina ez zuen bere etorkizunari buruz hitz egiterik nahi izan. Ez zen, hala ere, luzaroan itxaron beharrik izan, biharamunean, urtarrilaren 10ean, eman baitzuen aditzera talde bilbotarrak Txus Vidorretaren agurra. «Taldeko batasuna ez urratzeko albora egitea erabaki dut», onartuko zuen Vidorretak berak bere agurreko prentsaurrekoan. Urtarrilaren 12a zen.
Bederatzi hilabeteren buruan, Bilbao Basketek Valladolid bisitatuko du berriro. Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldean aurpegi asko aldatu dira, nahiz eta batzuek beltzez jantzita jarraitzen duten. Sailkapenean bosgarren dira orain bizkaitarrak, eta ilusioa berpizten ari dela dirudi. Alabaina, 12.30etik aurrera ikusiko da urtarrilaren 9 hartan galdutako nortasuna eta izaera benetan berreskuratu dituen edo ez Bilbao Basket berri honek.
Gauza asko aldatu dira iazko denboraldiko neurketa hartatik. Aurpegi berri asko daude, baina badira taldean jarraitzen dutenak ere: tartean lesioak gainditu eta jokatzeko prest diren Axel Hervelle eta Javi Rodriguez.
Bilbao Basketeko Paco Vazquez jokalariarentzat egun berezia izango da gaurkoa, ACB ligan 500. partida jokatuko baitu. Eivissako hegalekoak Manresan, Malagan eta Badalonan jokatu zuen Bilbora 2007/08 sasoian iritsi aurretik.