GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabi Armentia Mikoleta elkarteko kidea

Euskara nora doan jakiteko, nondik datorren jakin behar

Euskararen etorkizuna xedatzeko, atzera begiratu behar da aurretik. Hori ez da gurean behar bezala garatu. Ezin da esan etimologiak euskararen ikasketetan leku nabarmenik duenik

Vahan Sarkisian hizkuntzalariak egunkari batean esandakoa da artikulu honen izenburua. Armeniako Everaneko Unibertsitateko irakasle hori harritu egin zen hemen euskararen jatorriarekiko axolagabekeria ikusita.

Euskararen etorkizuna xedatzeko, atzera begiratu behar da aurretik. Hori ez da gurean behar bezala garatu. Ezin da esan etimologiak euskararen ikasketetan leku nabarmenik duenik: euskara nola sortu ei zen, oinarrizko erroak zeintzuk diren, toponimiak eskaintzen digun historiaren lekukotasunaz noraino baliatzen garen, etab. Baina material asko dago, oso barreiatuta. Euskaltzale, ikerle, zale eta hainbatek eginda. Batzuk azken hiru mendeetako proposamen etimologikoak dira, beste batzuk berriagoak. Gutxi batzuk unibertsitate esparrutik datoz, beste asko kanpoko eremuetatik. Gutxi aztertu eta alderatu denez, gaur egun gure hizkuntzaren oinarrizko erroez ez dago adostasunik. Hastapenetan gaudela esan genezake. Gutxiago, orain arte sortu diren teoria guzti-guztiak ez dira leku batean elkartu eztabaidan hasteko, ez dira behar bezala ezagutzen, eta are gutxiago eztabaidatzen.

Horregatik, euskararen hitzen proposamen etimologikoei buruzko informazioa zabaltzeko, herritarrei horiei buruz iritziak emateko eta baita balorazioa emateko www.euskararenjatorria.net sortu dugu. Horren bidez, jatorriaren gaia landu nahi dugu, batik bat, hitzen eta toponimoen etimologien zein antzinako idazkunen bidez.

Webgunean etimologiaz idatzi dutenen proposamenak jaso nahi ditugu. Ez diogu inori atea itxi nahi, zoritxarrez, hitz gehienen etimologian gaur egun adostasunik ez dagoelako, eta, beraz, ez da ezer baztertu behar.

Baina laguntza ere behar dugu, materiala erabat sakabanatuta dagoelako: jadanik salgai ez dauden liburuetan, argitaratu gabe dauden lanetan. Zenbait ikerle prest azaldu dira haien proposamenak helarazteko eta zinez eskertzen diegu euren laguntza. Hala ere, informazioa hobeto osatzeko elkarlana ezinbestekoa dugu. Horregatik, artikulu honetatik gai honetan interesa dutenei gonbitea egiten diegu proiektu honetan parte hartzeko: info@euskararenjatorria.net.

Urrian hasiera eman diogu eta astero hitz, toponimo edo idazkun bati buruzko proposamen etimologikoak jaso eta iruzkinak edota botoa emateko aukera dago. Adibidez, honakoak landuko dira: «euskara», «haitz», «ama», «erdara», «hats», «arbaso».

Bestetik, toponimoen alorrean gure herrialde eta hiriburuetako izenen etimologiatik hasiko gara: Iruñea, Bizkaia, Gasteiz, Zuberoa, Donostia... Azkenik, gure arbasoen lekuko diren idazkunak ere aztertuko ditugu eta, abiapuntu gisa, Arabako Iruñan agertutako zenbait idazkunen epigrafiak: Miscart, Denos...

Etimologietan «euskara» hartu dugu abiapuntua gure hiztegiko elerik garrantzitsuena dugulako. Lau proposamen jaso dira: Irigoien-Aznar, Arana, Kapanaga, Naberan-Zubiaga. Denak ados daude bigarren osagaian: -era (modua). «Hizkera»-n, adibidez, argi ikusten da «hitz» berbari «era» lotuta zer sortzen den. Hala ere, baturako «euskara» hobetsi zen, agian etimologiari behar beste garrantzirik eman gabe. Eta erabileraren maiztasuna eta familia bereko beste hitzak egotea agian behar bezala ez ziren baloratu («nafarrera», «bizkaiera»...).

Lehenengo osagaiari dagokionez, iritziak oso desberdinak dira. Alfontso Irigoienen ustez, «hitz egin» aditzaren sinonimoaren omen zen enautsi hitzetik datorke. Galdutako aditz honen arrastoak bizkaieraren «dinost», «diñaust», «dinotsat»... ditugu. Gainera, Garibaik 1571. urtean enusquera idatzi zuen. Beraz, Irigoien eta Eduardo Aznarren ustez, «hizkera»-ren sinonimoa litzateke «euskera» hitza.

Sabino Aranaren ustez, eusko litzateke euskeraren lehenengo osagaia (eusko+era). Eta hori aldi berean beste bi hitzetatik letorke: euts (eus) eta go, hau da, goiko jabegoko lurraldetako hizkera. Honen kontrakoa euts+pe litzateke, beheko lurraldeetako jabegokoa, espe eman duena, eta hortik esperia (Hesperia), Espainiaren antzinako izena izan litekeena.

Bittor Kapanaga beste bide batetik doa. Bere ustez, egu+hizkera lirateke osagaiak. Egu «argia»-ren sinonimoa izanik, «euskera» «hizkuntza argia» litzateke.

Ondoren, Josu Naberan eta Felix Zubiagaren ustez, auzko+era lirateke osagaiak. Hau da, «goikotarren hizkera» edo «menditarren hizkera» adieraziko luke.

Azkenik, Antonio Arnaizek osko eta usko hitzekin zerikusirik ote duen planteatzen du, eta balitekeela «euskara hitza»-k huts hitzarekin zerikusia izatea.

Badira beste proposamen batzuk eta behar bezala jasotzea espero dugu. Bitartean, webgunea euskararen ikerketarako lagungarria izango dela espero dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo