GARA > Idatzia > Kultura

«Gandiaga bera zen poesia, idatzi duena baino gehiago»

 

p039_f02_139x96.jpg

Joxe Azurmendi

Idazlea

Joxe Azurmendik «Azken egunak Gandiagarekin» (Elkar) liburuarekin eskuratu du Euskadi saria, euskarazko saiakera modalitatean. Idazlearen ibilbide oparoan urrats berezia da liburua: Gandiaga poeta eta lagunarekin elkarrizketa abiatu du haren azken egunak abiapuntu hartuta, poetaren lanaren barrutik munduari, bizitzari, eta betiereko galderei erreparatuz.

Oier GUILLAN *

Ez da ohikoa emozioak arrazoiarekin maila berean uztarturik ikustea. «Azken egunak Gandiagarekin» liburuan Joxe Azurmendik ertz ugariko saioa ekarri dio irakurleari: gogoetak, erreferentziak eta azterketak pentsamenduaren harian kateatzearekin batera, tonu pertsonalari eutsi dio.

Pertsonarekin batera eta ezinbestean, oso presente daude liburu honetan Gandiagaren poemak. Elkarrizketa abiatu duzu nolabait bere poemekin, egiturak eta hitzak barruraino jarraituz, poemen arimaraino. Zer-nolako elkarrizketa izan da?

Gandiagaren azken egunetan, eta hil eta gero, haren obra denak berrirakurri nituen. Haren poesiaren barnean pertsona ikusten nuen, eta eboluzio poetikoaren azpian haren biografia.

Liburua idaztearen esperientzia bera, Gandiaga gertu sentitzeko bide bat izan da, edo haren lana eta mundu ikuskera zabaltzeko modu bat?

Gandiagarekin telefonoz hitz egin eta gero, edo Arantzazun Gandiaga bisitatu eta gero, hainbat gauza etortzen zitzaizkidan burura, eta notak hartzen hasi nintzen. Ez nuen pentsatzen liburu bat egiterik. Nolabait neure buruari eta Gandiagari esan beharra sentitzen nuena zen. Horregatik liburuak ez du sistemarik. Elkarrizketa eta bakarrizketa ohar pila bat da, gero publikatzeko pixka bat ordenatuta. Denbora guztian nirekin egon da Gandiaga, baita Arantzazuko beste lagun asko ere.

Lagunaren ispiluan ikusiko dugu Joxe Azurmendi ere. Gandiaga da liburuaren oinarria, baina, era berean, zure aldetik oso liburu pertsonala dela esango nuke. Nola izan daiteke hori?

Laguna hiltzera doa bere munduan konfiantza guztiarekin. Eta zu non zauden, eta zergatik, sortzen zaizu galdera. Eta bion historia diferenteen arteko elkarrizketa edo bakarrizketa isil bat hasten da. Hori da liburua.

Ispilu horretan, hainbat gairi buruzko planteamenduetan, urrun ala gertu sentitu duzu Gandiaga?

Gandiaga beti gertu, oso gertu, sentitu dut, baita urrun gauden puntuetan ere.

Ez da oso ohikoa izaten saiakeran sentiberatasunerako tartea topatzea. Batzuetan badirudi pentsamenduak zientziatik duela pertsonen bilaketatik bainoago. Liburu honetan ordea ez diozu uko egin ez bata ez besteari, jarrera kontzientea duzu hori?

Gaiagatik izango da, eta situazioagatik ere bai. Hiltzera doan adiskidearekin elkarrizketa bat da, eta, heriotza horren aurrean, neure buruaren historiaren birgogoeta pertsonal bat.

* 2009-10-30ean Mugalari gehigarrian argitaratutako elkarrizketaren laburpena.

HIRU SARI BERRI

XIV. edizio honetan, hiru modalitate berri gehitu dira: euskarazko eta gaztelaniazko saiakera eta gazte eta haur literatura gaztelaniaz. Azken hau, eman gabe gelditu da, aurkeztutako lanen maila eskasagatik.

QUIROGA EUSKARAZ

Jesus Mari Mendizabalek Horacio Quiroga idazle uruguaitarraren «Eguzki kolpea» itzuli du euskarara. Helduei zuzenduriko hamazazpi ipuin «tragiko samar» biltzen ditu liburuak.