GARA > Idatzia > Mundua

Brasilen lehiakortasunari eustea izango da presidente berriaren erronka nagusia

Brasilek duen hazkundea gehiegizkoa izan daiteke, bertako produktuen lehiakortasunaren kalterako izan daitekeelako, erreala dolarren aurrean indartsuegi azaltzen delako nazioarteko merkatuetan. Hauxe izango da presidente berriak izango duen erronka.
p026_f01_199x116.jpg

Mauricio RABUFETTI (AFP) |

Latinoamerikako ekonomia handienaren lehiakortasunari eusteko erronka izango du datorren igandeko hauteskundeetan izendatuko duten Brasilgo presidente berriak, inbertsioek izan duten gorakadaren eta «moneten gerraren» mehatxuen aurrean.

Egoera ekonomiko oso egokia aurkituko du brasildarrek Luiz Inacio Lula da Silva presidentearen oinordekotzat igandean aukeratzen dutenak. Lehian, Lularen begiko Dilma Roussef eta Jose Serra sozialdemokrata.

Langabezia punturik beherenean dago (%6,7), Latinoamerikako erraldoiaren hazkunde ekonomikoa %7tik gorakoa izango da aurten eta inflazioa kontrolpean dago.

Eta urtarrilaren 1ean herrialdearen gidaritza uzten duenerako, 29 milioi lagun miseriatik ateratzea lortua izango du Lulak. Egun, 193 milioi brasildarretatik, bitik bat erdi mailako klasekoa da, Getulo Vargas Fundazioaren arabera.

Barne kontsumoa inoiz baino goragoko mailara iritsi denean, atzerriko inbertitzaileek Brasilgo merkatuan duten arreta ere itzela da.

Sao Pauloko burtsan, negozioen batez bestekoak 3.000 milioi dolarreko [2.140 milioi euro] muga gainditu du, kopuru horren %28,7 atzerriko inbertitzaileei dagokielarik.

Aurten, atzerriko inbertitzaileen dirua 30.000 milioi dolarretara [21.500 milioi euro] iritsiko da, eta 2011n 45.000 miloi dolarretaraino [32.100 milioi euro], Banku Zentralak jakinarazitakoren arabera.

Halere, egunetik egunera hazten den interes honek Brasilgo agintari finantziero eta industrialak kezkatzen ditu.

Erreala, kolokan

Errealak dolarrekiko gora egitea ekarri du atzerriko dirua sartzeak, produktu brasildarren lehiakortasunaren kalterako, batez era nazioarteko merkatuetan ezegonkortasuna nagusi denean. Lula 2003an agintera heldu zenetik, Brasilgo monetak %111 egin du gora.

Urtarriletik abuztura, Brasilek 11.600 milioi dolarreko [8.275 milioi euro] merkataritza soberakina izan du, baina 2009ko tarte berean izandakoarekin alderatuz gero, emaitza %41,6 txikiagoa da.

«Ezin dugu aldaketa tasa hondoratzen utzi», nabarmendu zuen Sao Pauloko industrien federazio indartsuko presidente Benjamin Steinbruchek.

Ildo horretatik, «behin betiko konponbide bat» bilatzea premia bizikoa dela ohartarazi zien Lula presidenteak G20 munduko herrialderik garatuenak eta hazkunde handiena dutenak biltzen dituen taldeko estatu eta gobernu buruei, azaroaren 11n eta 12an Seulen egin zuten bileran. Brasilgo Finantza ministro Guido Mantega «moneten gerra» esamoldea erabili zuen lehena izan zen.

«Garrantzitsuena da ohartzea arazoa ez dagokiola soilik Brasili. Moneta guztiek dute dolarraren aldean balio gehiegi, eta krisiaren ostean AEBek beren ekonomia berpizteko modua topatu behar dute», nabarmendu zuen Brasilgo presidenteak.

Neurri berriak ezartzea

Duela hainbat egun neurri batzuk hartuko zituela iragarri zuen Brasilgo Gobernuak. Horien artean, atzerriko espekulazio-inbertsioen gaineko zerga handitzea da, errealak duen hazkundea moteltzeko asmoarekin, horrela Brasilgo ekoizleei eta esportatzaileei eragiten dien kaltea leuntzeko.

Ekonomialari zenbaiten arabera, ezinbestekoa da azken urteotan biziki hazi den gastu publikoa murriztea eta atzerriko kapitalen gainean ezartzen den zerga nagusia (urteko %10,75ekoa egun) txikitzea.

«Aldaketa tasa egokitzapenak egiteko tresna da, aurrekontu eta moneta politikarekin batera erabili beharrekoa, dolarraren aurrean lehiatu ahal izateko. Ez dut uste egun halakorik egiten ari direnik eta ez dut uste datorren gobernuak egingo duenik. Oso zaila da aldaketa tasa egoki bat eta hazkunde ekonomikoa uztartzea», adierazi zuen Gradual Investimentos aholkularitza enpresako Andre Perfecto ekonomialariak.

ustelkeria

Jose Serra oposizioko hautagaiak ustelkeria kasuekin lotura zuzena izatea egotzi Dilma Rousseff-i, Lula presidentearen PT alderdikoari. Dena den, Serrak ez zuen inkestetan duen tartea murrizterik lortu.

inkestak

Vox Populi enpresak egindako azken inkestaren arabera, Dilma Roussefek bozen %49 lortuko lituzke igandean. Jose Serra, berriz, %38an geratuko zen. Erlijiosoen botoa bereganatzea lortu du Roussefek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo