GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

BBVAren etekinak onak dira... bakan batzuentzat

BBVAk, Amerikako bankua bihurtzeko bidean denak, iraila arte joan den urteko hil horietan baino ehuneko 12 gutxiagoko etekina izan du. Hala ere, urteko etekinak joan den urtekoa gaindituko du. Gainera, funts hornidurara bideratutako kopurua kontuan hartuta, ez dirudi horren emaitza kaskarra, are gutxiago urteko etekinak 2009koa erraz gaindituko duela jakinda. Bederatzi hilabeteotakoa zenbakitan ikusita, uste izatekoa da bankuko zuzendaritzako kideek ez dutela hil bukaerara iristeko krediturik eskatu beharko. Izan ere, 3.668 milioi euroko irabazia, askoren artean banatuta ere, ez da txantxetako kopurua. Eta banatzeko modua ere ez da txantxetako kontua, bankuaren kontuen arabera, goi karguen soldatetan eta ordainsarietan ehuneko 5,5eko igoera egon bada ere, langileei hitzarmenak xedatutakoa baino ez diete-eta igo, ehuneko bi baino ez, alegia. Ez dirudi, beraz, banaketa horren onuradunek eguneroko gastuak edo hipoteka ordaintzeko arazo handirik izango dutenik. Langabeek, langile askok eta pentsiodunek ez bezala; emakumeen ehuneko handi batek eta gazte gehienek ez bezala. Eta horiei guztiei ez bezala, lan edota pentsioen erreformek ez diete egoera are kaskarragorik ekarriko. Horregatik uste izatekoa da, halaber, oso pozik biziko direla indarrean dagoen ekonomia ereduarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo