GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beatriz Fernandez Imanol Beristain San Nikolas ikastolako maisuaren ikasle baten ama

Imanol Beristain ez zen ostiralean ikastolara etorri

Ez zen ostiralean ikastolara etorri. Gaurkoan ere ez.

Egun berezi samarra izan zen ostirala gure seme-alabentzat. Maisua falta zen Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasgela bietarik batean. Han eta hemen ibili omen ziren gainerako irakasle eta langileak, berriren bat izan nahian. Denak zain, denak adi. Txikiak bereziki, airean zebiltzan zantzuak irakurri nahian.

Gure txikiei Imanol atxilotu zutela esan zietenerako, arratsaldea zen. Ordurako askok ba omen zekiten. Susmatu edo egingo zuten. Auskalo. Negar egin zutela esan zidan gureak. Ikasgelako ume guztiek, hiruk izan ezik. Berak ezetz, ez zuela negar egin, eutsi egin ziola, baina tristatu zela, asko tristatu ere.

Gero ikusi zuten gure seme-alabek Imanol atxilo, esku-burdinez eskuak loturik, begiak baino erakusten ez zituzten txano beltzeko batzuek bazeramatela. Gaztelaniaren nondik norakoak erakusten dizkien hori, soinketako motxilan, txankletak eta eskupainua sartu ezean, errieta egiten diena. Badaramate.

Eta larunbat goizean, txintxo izan genuen txikia etxean, inork ezer esan gabe, gaztelaniako etxeko lanak egiten. Protestaka ibiltzen da bera ba, Imanolek etxeko lan asko eta asko eskatzen dizkiela eta. Larunbat goizean, berriz, protestarik ez, la-caja, el-pájaro-blanco segiden aurrean. «Imanolek agindutako lana da», esan zigun lan-koadernoa erakutsiaz. Noiz zuzenduko ote du? Bihar ere ez da ikastolara etorriko. Etzi, etzidamu... Haurra ere izango du laster. Bi aste barru edo.

Gure seme-alabek eta jaiotzear dagoen haurtxoak beste Euskal Herri bat merezi dute, ostiralaz geroztik ezagutu dutena ez bezalakoa. Lan-koadernoa zabaldu eta behingoz etxeko lanak egin ditzaten zorigaiztoko Euskal Herri honen geroa idatz dezaketenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo