GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

2010eko Urrezko Bizikleta

Cancellarak klasikozaleak gailurrera daramatza berriro

Flandriako Tourra, Paris-Roubaix eta Munduko Txapelketan erlojuaren aurkako proba irabazi ditu suitzarrak, eta Tourrean sei egunez eraman du maillot horia.

p046_f01_111x111.jpg

GARA | PARIS

Azken hiru urteetan irabazle izandako Alberto Contador eta Andy Schleck gaindituz, Fabian Cancellararentzat izan da 2010-eko Urrezko Bizikleta saria -Vélo d'Or-. Hala eman zuen aditzera atzo 1992az geroztik sari hau banatzen duen aldizkari «Vélo Magazine» -ek.

Futboleko Urrezko Baloia sariaren baliokidea da txirrindularitzan Urrezko Bizikleta. 17 herrialdetako kazetarien botoen bitartez erabakitzen da eta urtean egindako balentriak hartzen ditu kontuan. Hala, Fabian Cancellara Espartako aukeratu zuten atzo, alegia, aurten udaberriko klasiko garrantzitsuenetan -Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix- jaun eta jabe izan dena, erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa beste behin irabazi duena eta, horrez gain, Tourrean sei egunez maillot horia jantzi duena. Aipatu probez gain, Espartakok Harelbeke proba eta Qatarreko Itzulia ere eskuratu ditu.

Orotara, 63 puntu pilatu ditu suitzarrak; bigarren postuan Alberto Contador -2007tik 2009ra sariketa hau irabazi duena- geratu da 42 punturekin; eta hirugarren, berriz, eta gazteen artean irabazle, Andy Schleck izan da, 34 punturekin. Vincenzo Nibali, Mark Cavendish, Cadel Evans, Philip Gilbert, Thor Hushvod, Joaquim Rodriguez eta Oscar Freire izan ziren aurreneko hamar postuak lortu zituzten gainontzeko txirrindulariak.

Irabazteko modua

Espartakok, bada, hiru asteko itzulietan errege direnei hartu zien aurrea, 1996an Johan Museeuw-k, 2005ean Tom Boonen-ek eta Paolo Bettini-k 2006an lortu zuten moduan. Osterantzean, Miguel Indurain -birritan-, Rominger, Jalabert, Ulrich, Pantani, Armstrong -5 bider- eta Contador -hirutan- izan dira irabazle. Aitzitik, ez da ahaztu behar 2002an Cipollinik irabazi zuela Urrezko Bizikleta.

Gustura azaldu zen txirrindulari suitzarra sariagatik eta epaimahaiak itzuli handiez gain, gainontzeko lasterketak irabazteari emandako garrantziagatik. «Egia da txirrindularitzan proba gorena Tourra dela. Baina horrek ez du esan nahi beste lasterketarik ez dagoenik. Txirrindularitza ez da uztailean amaitzen», adierazi zuen.

«Nik uste dut irabazteko moduari ere begiratu diola epaimahaiak. Zer hartu ote duten kontuan? Nire aburuz, Flandrian eta Paris-Roubaix-en egindakoarekin, 50 kilometro bakarrik ihes eginda ibili nintzela», gaineratu zuen Cancellarak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo