GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mondragon Unibertsitateak Enpresa Zientzien Campus berria estreinatu du Oņatin

Oñatiko Enpresa Zientzien Fakultate berriak 1.000 ikasleentzako tokia izango du. Gainera, MIK Zentro Teknologikoaren ikerketak bertan bideratuko dira, irakaskuntza eta ikerkuntza uztartzeko asmoz.

P019_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | OÑATI

Mondragon Unibertsitateak Oñatiko Enpresa Zientzien fakultatea inauguratu zuen unibertsitateko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkarien laguntzarekin.

Oñatiko Enpresa Zientzien fakultateak 50 urte bete ditu aurten, eta campus berriaren aurkezpena ere ospakizunen artean sartu dute. Horretarako, Oñatin izan ziren Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko errektorea, Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; Isabel Celaa, Lakuako Hezkuntza sailburua, Lander Beloki, Enpresagintzako dekanoa; Xabier Mugarza, Fakultateko errektore batzordeko zuzendaria; Javier Sotil, MIK Zentro Teknologikoko zuzendaria eta Aitor Urzelai, zentroko zuzendari kudeatzailea.

Campus berria Oñatiko Ibarra kirolgunean dago eta 20.000 metro karratuko azalera du. Eraikinak hiru solairu eta sotoa ditu, eta bertan egokitu dira prestakuntzarako hogei gela, etengabeko prestakuntzako eta masterretarako beste zazpi gela, ikerketak egiteko laborategiak, informatika gelak, hizkuntza laborategiak eta abar, baita ekitaldi areto handi bat ere, eta kudeaketa eta administrazio lanerako gune bat, liburutegia, bilera gelak eta 200 aparkaleku.

Egun graduko, graduondoko eta doktoretzako ikasleen artean 700 pertsona baino gehiago biltzen ditu fakultateak. Jada irakasten dituzten tituluak eta etorkizunean irakatsiko dituztenak kontuan hartuta, eraikin berria bi txandatan antolatuta 1.000 ikasle hartzeko gai izateko egin dute.

Hiru jarduera lerro bideratuko dituzte azpiegitura berri horretan. Batetik, enpresa kudeaketaren arloan Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokituta dauden bi titulazio eskaintzen ditu: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradua eta Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua.

Bigarrenik, profesionalei zuzenduriko masterren bidez, etengabeko prestakuntzako eta graduondokoen eskaintza zabalduko dute. Hirugarrenik, Campus berria ikerkuntzaz ere arduratuko da. Fakultatearen ikerketa adarretik eratorritako proiektua da MIK ikerketa zentroa, eta punta-puntako ikerketa bideratzea du eginkizuna.

Oñatiko campus berriaren helburu nagusia kate bakar batean irakaskuntza eta ikerkuntza batzea da. Hala, prestakuntza eta enpresa arloko ikerkuntzan nazioartean erreferente bihurtzeko xedea du Mondragon Unibertsitateak.

MIK Zentro Teknologikoa

Arduradunek azaldu zutenez, ikerkuntza unitate berrian 50 ikertzailek egingo dute lan. Lau urtez bikaintasuna bilatuko dute ikerketaren arloan nazioarteko abangoardian kokatzeko asmoarekin.

MIKek jorratuko dituen lau ikerketa arlo nagusiak honakoak dira: dinamika emergenteak enpresen kudeaketan; erakunde kooperatiboen eta gizarte ekonomiako erakundeen kudeaketa; ekintzailetasuna eta be- rrikuntza kudeaketan; eta berrikuntza kudeaketan eta gizartean.

Instalazioak

Campus berriak 20.000 metro karratuko azalera du, eta eraikitzeko 13,2 milioi euroko inbertsioa egin dute. Eraikinak 27 ikasgela, laborategiak, ekitaldi areto handia eta informatika gelak ditu.

Ikerketa helburuak

MIK Zentro Teknologikoak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, kudeaketa aurreratuaren arloko eduki berriak sortzea eta garatzea, eta bestetik, emaitzak enpresei eta gizarteari ezagutzera ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo