GARA > Idatzia > Kultura

Kensington Gardens buruz behera jarri du Anish Kapoor-ek

Londresko Royal Academy of Arts-en arrakasta itzela lortu ondoren, Guggenheimen ikusi ahal izan dugu Kapoor-en lan monografikoa hil honen hasierara arte. Su koloreak -gorria, horia eta beltza- nagusitu dira pigmentuak, aluminioa eta argizaria bildu dituen lan honetan.
p049_f01_152x96.jpg

Maider LA CALLE | LONDON

Kapoormania eta Mumbain jaiotako artistaren forma eta espazioa lantzeko estiloa Londresera iritsi dira, Kensington Gardens lorategi ederretako Serpentine Gallery-ra zehazki. The Royal Parks Londresko parkeak kudeatzen dituen erakundearekin batera, Serpentine galeriak «Anish Kapoor: Turning the World Upside Down» (Anish Kapoor: Mundua azpikoz gora) erakusketa bertakoei eta bisitariei helarazi nahi izan die.

Batera inoiz ikusi ez diren Anish Kapoor-en lau lanek osatzen dute doako erakusketa hau. «Ispiluen gisako altzairuzko xaflez egindako lanak dira eta haien kurbadurek irudi distortsionatuak sortzen dituzte parkean zehar», adierazi du Serptentine Gallery-k. Kensington Gardens-era sartu eta pauso batzuk eman orduko artistaren lehen obra ikus daiteke. «Sky Mirror» delakoa, 1066.8 x 1066.8 zentimetrokoa eta borobila, The Longwater lakuaren aldamenean zutitzen da zeruaren eta uraren isla harroa erakutsiz. Neurriei dagokienez, sortako handiena da honakoa. Zeruaren islak gris kolore mate bat ematen dio obrari eta paisaia harrigarria da benetan: lakua irekita, mota desberdinetako hegaztiak uretan eta zeruan nabigatzen eta jendea obra miresten.

Erakusketa ikustean badirudi obrek parkea handitu egiten dutela, bertako elementuak islatzen dituzten neurrian; «Kensington Gardens handiago egin da», idatzi du erakusketarako egin duen entseguan Darian Leaderrek: «Anish Kapoorren altzairuzko lan islatzaileek lau gune berri ireki dituzte, belarra, lurra, ura eta zerua hedatuz».

«Eskultura hauek parkeko koloreak, hostotza eta eguraldia islatzen dituzte», adierazi du Serpentine Galleryk. Eta gauza da, horrela hautematen duela begi arruntak ere. Lakuaren aurrean «Sky Mirror»-i so, norberak egiazta dezakeela hitz horien esanahia, izan ere, lakua handitu eta zerua zabaldu egiten du obra honek.

Formak eta matematikak

Bigarren lana parkearen erdian kokatuta dago eta ez du artistaren lanek izan ohi duten forma borobila, kurbatutako lauki zabala baita. «C-Curve» du izenburua. Oxford unibertsitateko matematika irakasle Marcus du Sautoy-k idatzi duenez, «Kapoorrek ispilu hauetan aplikatzen duen matematika da liluratzen nauena». «Luzera fokala» ispilutik aldentzean sortzen den kontzeptuari deritzogu eta puntu honetan eguzkiaren izpiak fokatuta agertzen dira guztiz. Ispiluaren luzera fokaletik baino urrunago jartzen bagara, gure irudia buruz behera ikusiko dugu. Horra, beraz, erakusketa honen izenburuaren iturburua.

Du Sautoyk azaltzen duenez, obretan makaduraren bat egongo balitz, «ilusioa pikutara joango litzateke». Kapoor da ispiluak arte lan gisa erabili dituen lehen artista eta matematikari ospetsuak gehitzen duenez, artelanok mugitzera bultzatzen dituzte begira daudenak, batetik bestera, euren hausnarketen bila. «Ezin ditugu [obrak] ulertu haien aurrean mugitzen ez garen arte. Mugitzen garenean gauza arraroak gertatzen dira gure munduan». Hori da Londresko Hyde Park alboko lorategietan gertatzen ari dena. Halako batean, pertsona talde bat elkartu da Kapoor-en artelan hauen aurrean eta lehen erreakzioa horien aurrean dantzan aritzea da; «zer ikus dezaket, hemen jartzen banaiz?», etortzen zaie burura.

Kapoor-ek infinitua islatu nahi izan du ispiluaren barnean eta hori «Non-Object (Spire)» izendatu duen lanean argi ikus daiteke. Orratz itxurako lan hau zabala da oinarrian eta estutzen joaten da gorantz begiratzen dugun heinean. Honetan alde guztietatik datorren isla dago agerian eta matematikari batek esan lezake ez dagoela honen inguruko punturik obrak ez duena bereganatzen: zerua, belarra, zuhaitzak, pertsonak... dena mires daiteke altzairuzko lanean.

Beharbada, artelanik bereziena, «The Round Pond»-en kokatuta dagoena da. Artelanak «Sky Mirror, Red» du izena. Lehenago aipatutakoaren antzekoa da, txikiagoa, baina kolore gorria du azken honek; bereziena da, agian, Kensington Palace-n aurrean zutitzen delako. Obraren kolore biziak kontraste handia egiten du jauregiaren laranja koloreko adreiluen alboan. Harmoniatsuak dirudite XVII. eta XXI. mendeetako bi lan «erraldoi» horiek, lakuak erdibitutako paisaia bukoliko ederrean.

NATURAREN ISLAK

Anish Kapoor-ek Kensington Gardens lorategietan jarri duen erakusketa aurrenekoz elkartu diren lau obrek osatzen dute. Ispilu efektua duten altzairuzko lanak dira, eta inguruko elementuak islatuz, mundua hankaz gora irudikatzen dute. Bisita doakoa da.

Fitxa

Lekua: Serpentine Gallery, Kensington Gardens (Londres).

Noiz: Irailaren 28tik 2011ko martxoaren 13ra.

Sarreraren salneurria:

Dohainik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo