GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Gure literatura

Euskal literatura modan dago, edo modaz, edo modara. Ez dakit nola esan beharko nukeen. Letra larritan agertzeko gaitasuna berreskuratu du, nonbait. Ez izatetik, zirkuko erdi-erdira egin du jauzi. Lehenik Kirmen Uribe izan zen; aho bete hortz agertu zitzaigun, meloi erdi baten tamainako irribarrearekin. Non eta hiriburuan, Madrilen saritu zuten. «Bilbon kalean geratzen ninduten, zorionak emateko», esan zuen idazleak. Indurainen eta Chillidaren ondorengo izateko bokazioa duela emango luke; haiek baino gehixeago idazten du, ez askoz gehiago, eta hedabideek oso dute maite, batik bat «gaztelania eta euskara hizkuntza lagunak» direla esan zuenez geroztik. Entzuleei serio begiratuz esan zuen azken hori. Badaki serio jartzen. Gero iritsi zen Andu Lertxundiren saria. Berriz jarri ginen txaloka eta bibaka, palazioak hesien kanpoaldeko herri xumea berriro ere sarituagatik harro. Lepradun eskalea ematen genuen, panderoa eskuan alaiki dantzan, erret-eskuzabaltasunagatik liluratuta. «Erregea eskuzabala da, biba erregea!». Zein ederki bizi garen pipiek jandako etxoletan, lokatzetan sartuta, zaldun ederrak noiz pasatuko zain. Patxi Lopezek berak oharra idatzi zuen, Lertxundi zoriontzeko xedez, «geure literatura atzerriko literaturaren mailara eraman izanagatik harro». Ez al da zoragarria? Noizbait gure artekoren bat murruez bestaldera, palazio barrura eramango dute, erregeari barre eginarazteko bada ere, eta printzesari musu eman diezaion utziko diote! Baina, aizue: eskuan, e! Gauza bat da eskuzabala izatea, eta beste bat, zeharo ezberdina, palazioan putetxe bat sortzea… norekin eta lepradunekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo