GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Mobilizazioak

Ohiko mugak gainditu ditu «aski da» aldarriak

Ezker abertzalea ez da oraingoan bakarrik izan sarekada salatzeko orduan. Gernikako Akordioaren sinatzaile guztiek bat egin zuten hiriburuetan, eta Donostian, gainera, tortura irudikatu zuten Auzitegiaren aurrean. Herrietan edo campusetan ere aspaldi ez bezalako indarra hartu du erantzunak, pasa den ostiraletik bertatik.

«Jende piloa dago hemen, baina ez dute pankartarik, ez ezer. Begiratu ea zerbait dagoen Bulebarrean». Honela mintzo zen telefonoz, ozen, ertzain bat Do- nostiako udaletxearen kanpoaldean, kioskoaren inguruan gazteak eta ez hain gazteak elkartzen ari zirela ikusita. Azkenik, 500 bat izan ziren ertzainaren zalantzak argitu zituen leloa zabaldu zutenak: «Aski da, bake bidean aterabide demokratikoa orain».

Sarekada asko izan dira herri honetan azkeneko hamarkadetan, baina erantzun bateratu gutxi. Horregatik deigarria zen pankarta berberaren inguruan hain ordezkaritza zabala ikustea. Donostian, esaterako, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, EAko Santi Merino, Aralarreko Ainhoa Beola, Etxerat-eko Mattin Troitiño, amnistiaren aldeko mugimenduko Oihana Agirre... guztiak batera ageri ziren.

Aurpegi ezagunen zerrenda luzea izan zen hiriburu guztietan: Iruñean, Txelui Moreno, Txentxo Jimenez, Koldo Amezketa, Igor Arroyo, Josu Esparza... Bilbon, Niko Moreno, Tasio Erkizia, Oskar Matute... Gasteiz aukeratu zuen EAko idazkari nagusiak, Pello Urizarrek.

Guztien izenean adierazpenak egin zituen Miren Legorburuk Donostian: «Berriz ere agerian geratu da konfrontazio politikoari beldur diola Estatuak», nabarmendu zuen. Eta kartzelatutako gazteek egindako salake- tari erreparatu zion.

Donostian, gainera, elkarretaratzea burutu baino lehenago beste ekimen bateratu bat egin zuten hiriko hainbat taldek, non eta Auzitegiaren aurrean, zer eta tortura ez dutela jasango adierazteko, noizko eta larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko. Ezker abertzalea, EA, Alternatiba, Aralar, gazte independentistak, Etxerat, AHT-rik ez!, amnistiaren aldeko mugimendua, Askapena, Bilgune Feminista, Gazte Komunistak, CNT eta LAB egon ziren agerraldian, beste batzuen artean. Eta bertan hainbat tortura mota irudikatu zituzten: «poltsa», elektrodoak...

Campusetan eta herrietan

Gazteen parte-hartzea handia izan zen, beraiek izan baitira azken kolpea zuzenean jasan dutenak. Erantzuna unibertsitateetara eraman zuen Presoen Aldeko Taldeak (PAT) ordu batzuk lehenago. Hala, Leioako campusean 270 ikasle bildu ziren, eta manifestazioa egin zuten, sarekadako biktima izan diren bi ikaskideak bereziki gogoan izanik: Marina Sagastizabal eta Ikoitz Arrese. Ertzaintzak oztopoak jarri arren, Gasteizko campusen burrunbada egin zuten 300 bat ikaslek Letren fakultatean asanblada jendetsua burutu ondoren. Arangoitiko Irakasle Eskolan etenaldia eta manifestazioa egin zituzten, ehun lagun bilduz. Bilboko Ingeniaritza Eskolan, berriz, 20 bat ikaslek elkarretaratzea egin zuten. Antzeko irudiak ikus ahal izan ziren hainbat ikastetxetan: Laudio (80), Derio (50)...

Arratsaldean, salaketaren txanda hartu zuten herrietan. Atxilotuak dagoeneko kartzelara bidali dituzten arren, ostiralean hasitako protestak ez dira eten hainbat tokitan; Elgoibarren, esaterako, 115 lagun atera ziren kalera, seigarren egunez jarraian. Larrabetzun ere 58 elkartu ziren.

Astindu handia eman du sarekada zabal horrek gazte atxilotuen herrietan. Erromon, Galdakaon, Elgoibarren, Bergaran, Iruñean, Burlatan... esaterako, ia egunero azaldu dute auzokideek beren egonezina, eta hauetan ere ezker abertzalekoak oraingoan ez dira bakarrik izan.

ARRESTO EN MADRID

Cerca de la medianoche del martes, un joven de Itzulbaltzeta fue detenido también junto a la Audiencia Nacional al tratar de impedir la Policía que los allegados hicieran llegar sus gritos de apoyo a los dos furgones que iban camino de prisión.