GARA > Idatzia > Kultura

«Jai-Alai», pilotaren historiari eta bilakaerari buruzko erakusketa

Kubo-Kutxa aretoak hamar urte egin ditu eta urteurren honetarako antolatu zen programazioari amaiera emateko «Jai-Alai. Euskal Pilotaren Edertia» erakusketa irekiko dute gaur. Bertan, artearen bidez euskal pilota jokoaren historia eta bilakaera azaltzen da.

p048_f01_097x079.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako Kursaaleko Kubo-Kutxaren hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako programazioa bukatzeko «Jai-Alai. Euskal Pilotaren Edertia» erakusketa ireki dute gaur. Bilduma irizpide kronologikoaren arabera antolatu dute. Hasieran Erdialdeko Amerikan pilota joko zaharraz dauden aztarnak kokatu dira, eta amaieran gaur egungo adierazpideak.

Hala, Francisco de Goya y Lucientes, Diaz de Olano, Aurelio Arteta eta Jorge Oteiza bezalako artisten lanak biltzen dira eta urtarrilaren 9ra arte izango da zabalik. Gainera, bildutako artelanez gain, hezkuntza jarduerak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, kontzertu bat, antzezlan bat eta mahai-inguruak ere prestatu dituzte osagarri bezala.

Hasiera bereziak

Aretoaren eskuineko aldean hasten da erakusketa. Bertan egungo pilotaren aurrekariak bildu dira: Kolon aurreko kulturetako aztarnak eta beste herrialde batzuetako pilota jokoaren berri ematen duten agiriak, baita kromo bilduma bitxi bat ere, besteak beste.

Erdiko eremuan joko zahar honi buruzko artelan askotarikoak bildu dira. Hasteko, Goyak kartoian egindako irudiaren gainean Vandergoten anaiek egindako tapiz handia dago ikusgai. Atal honi amaiera ematen diote XX. mendeko hainbat lanek. Osagarri bezala euskal pilotari buruzko arte-adierazpenik berrienak bildu dira goiko aretoan; pilotariaren mundua landu duten argazkilari batzuen lana, besteak beste.

Erakusketa aretoan artelanez gain, ikus-entzunezkoak ere aurkituko dira: 1948ko abenduaren 28an Gallastegiren eta Atano III-aren artean jokaturiko esku huskako txapelketaren finala, «Around the world with Orson Welles» eta «Pilotari», azken hau Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten artean eginikoa, 1984an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo