GARA > Idatzia > Kultura

Victor Hugoren «Kondenatu baten azken eguna» euskaratu du Juan Mari Agirreurretak

p048_f03_97x92.jpg

A. B. | DONOSTIA

Elkar argitaletxeak Victor Hugo (Frantzia, 1802) idazle itzaltsuaren «Kondenatu baten azken eguna» liburua aurkeztu zuen atzo, Juan Mari Agirreurretak itzulia. «Victor Hugo Euskal Herrian izan zela badakigu, eta Pasaiak bereziki liluratu zuela» dio Agirreurretak; «eta ni pasaitarra naizen aldetik egiten diodan keinu txiki bat da», bere liburu indartsua euskarara ematea.

Obran «gizon baten garrasia, bizinahia eta ezinbizia aurkituko ditugu. Irakurleak apenas daki ezer pertsona horri buruz, ez bere izena, ez zein delitu egin duen ere -edozeinentzat, edozein lekutan eta garaitan balio dezan-. «Hiltzera kondenatu dutela eta hori gehiegikeria bat dela da dakigun bakarra».

Agirreurretak Parisen izan zuen aurrenekoz lan honen berri -gaztelaniaz aurkitzen ere ez da erraza- eta frantsesetik euskarara itzuli ostean eraman zuen Elkar etxera, argitara ematekotan. Itzultzaileak berak argitzen duenez, «1829an idatzi zuen liburua Victor Hugok, 28 urte inguru zituela, eta ahalik eta errealitate kutsu handiena eman nahian, benetako preso batek idatzi balu bezala, ez du lana izenpetzen [anonimo bezala agertzen da], gordinean biziaren aldeko garrasi bat botatzeko». Eta gerora, lanak izan zuen oihartzuna ikusita, «lana sinatu eta hitzaurre luze bat erantsi zion, heriotza zigorraren aurka».

Marliese Arold

Bestalde, Elkarrek Marliese Arold (Erlenbach, 1958) gazteentzako idazle alemaniar ospetsuaren «Ninak ospa» liburua ere aurkeztu zuen, Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategik itzulia. Elkar argitaletxearen esanetan, «arin irakurri baina ezinegona sortzen dakien dramatismoaz ondutako nobela zirraragarria» da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo