GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musikaren subjektibitateak

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Euskal Herriko Diskoetxeen Elkarteak «Teknologia digitalak eta merkatu diskografikoaren arteko egokitzapen eta azterketa» izeneko jardunaldiak egin ditu.

Josu Larrinaga soziologoak musikan auradun objektuak izeneko txostena aurkeztu du. Diskoetxeen lana auradun objektuak sortzea dela aipatu du; biniloa izan daiteke auradun objekturik aipagarriena. Diskogintzak, diskoak egiten dituenean, zerbait bizia saldu nahi du, eta auraduna bada, hobe.

Liburuetan diskoetan baino aura gutxiago dagoela dio. Walter Benjamin filosofoaren «masen kultura» eta Marcusseren «kontrakultura» aurrez aurre jarri ditu. Artelana askotan erreproduzitzen denean lan horrek galdu egiten du izan zezakeen indarra (Benjamin). Larrinagaren ustez, artelan horrek objektu batean egotetik mundu birtualera egokitzen denean, objektu horren aura desagertu egiten da, baina beste nonbaitera doala, ipod objektura, adibidez, eta honek aura du. Aro digitalak bizitzaren azelerazioa ekarri du, baita materia naturalen agorpena (petrolioa) ere.

Ahaztu zaio aurak jokatuko duen garrantziaz. Aurarekin segituz, Larrinagak dio auradun objektuak segitu behar dugula saltzen eta aura mantentzeko objektua behar dela, mundu digitalari ez diolako ikusten aura gehiegi. «Baina nola gorde kultura gutxituen musika errepertorioa?», galdetu du Larrinagak. Aura horiek babestuz, dio berak, eta domeinu publikora ekarriz, copyright albo batera utzita. Kulturaren mundua osatzen da bizitzeko beharrezkoak diren ekintzak egin ondoren (jan, edan, lo, jo...). Auradun objektuen banalizazioa gertatu dela aipatu du bukatzeko.

Nire ustez objektuek ez dute aura, objektuek desira sor dezakete norberarengan, gustua-edo, eta disgustua. Gu plazeraren bila gabiltza. Objektu batek duena eta sortzen duena subjektibitatea da. Dena den, objektuaren barruan (edukitzailea) dagoen abestia (edukia) da subjektibitatearen ekoizlea. Abestien edukitzailea orain dela ehun urtera arte ahozko transmisioa izan da. Kantu batek berriro entzuteko desira sortzen duenean «arima fabrikatzailea» da, jarrera ekoizlea eta subjektibitatearen eraikitzailea (Txoria txori). Vaneigem filosofoak, sistemaren mistikotasunera etorritako situazionista ohiak dio gaurko munduko-telebistak bezala, munduko-musikak kulturen mestizajea dela medio gutxituko duela kontinenteen eta herrien arteko distantzia mentala. Ezta gutxiagorik ere.

Horrek ekarriko duen gauza bakarra da hainbat herrien kulturak desagertzea mundializazio eta unibertsaltasunaren mesedetan, eta noski, herri horien arimadun musika errepertorioaren ahanztura. Balore bakarretara ezin gara joan, boterearen kontsumitzaileak bihurtuko gaituelako eta boterea geuk sortu eta onetsiko dugulako, Foucaultek erabili duen «pop kontrolaren» terminoaren bidez, sistemaren kontrolik pozoitsuena, aurpegi inuzente eta goxoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo