GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

AEBak eta Europa: berdintasunak eta ezberdintasunak (I)

Artikuluaren lehenengo atal honetan, langabezia eskaera agregatuaren gabeziatik datorrela eta munduak eskaera gehiago behar duela dioen premisatik abiatuta, Warren Mosler ekonomialariak AEBetarako eta Europarako egin dituen proposamenak aurkeztu eta aztertzen ditu Tobar-Arbuluk. Proposamen horien bidez azaltzen ditu AEBen eta Europaren arteko ezberdintasunak.

Elkarrizketa mamitsu bat egin diote Warren Mosler-i (http://moslereconomics.com/2010/09/23/what-policies-for-global-prosperity/?utm_source=feedburner&utm_medium=feed&utm_campaign=Feed%3A+TheCenterOfTheUniverse+%28The+Center+of+the+Universe%29). Bertan Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Europar Batasuneko (EB) egoera ekonomikoak aztertzen ditu. Hona hemen nola ulertu behar den Diru-Teoria Modernoaren aplikazioa AEBetan eta EBn.

Eskaera agregatuaren gabeziatik dator langabezia. Munduak eskaera gehiago behar du. Hortaz, AEBetan, Mosler-en proposamenak hauexek dira: (a) zergak murriztea, (b) Gobernu Federalak estatuei errenta banaketa bat luzatzea; eta (c) lan egin nahi duen edozeini 8 dolar/orduko enplegua hornitzea, fondo federaletik.

EBrako, aldiz, Europako Banku Zentraletik (EBZ) estatuetako gobernuei diru-banaketa bat bideratzea, agian barne produktu gordinaren %20ra irits daitekeena, per capita-ko oinarrian eginda.

AEBetarako proposamenak lanean ari den jendeari errenta hobetuko dio; beraz, sektore pribatuan salmenta gehiago egongo da. Hortaz, ez da Gobernuari dagokion kontua. Orain politika murriztaileak daude, AEBetako ahalmen produktiboa mugatzen dutenak. EBn antzeko politika murriztaileak daude, eskaera agregatua murrizten dutenak.

Sektore batek «aurrezki netoa» izateko, beste sektore batek defizitean egon behar du. Beraz, zergak murrizten dituenean edo gastua handitzen duenean, eskaerak sorturiko zuloak betetzen ditu Gobernuak.

EBrako proposamenak ez du jendearen gastua handitzen. Egiten duena hauxe da: herrialdeek EBk markaturiko gastu-mugei kasu egiten dieten heinean, esleipena jasotzen dute. Ez badute kasu egiten, ordainketa jasotzeko arriskuan daude, eta kasu horretan, merkatuak zigortuko ditu herrialde horiek.

AEBetakoa bezalako Gobernu batek erabaki behar du zein den gobernuaren tamaina aproposa, hasi sistema legalean, sistema horren enplegatuak eta abar, eta bukatu sistema militarraren tamainarekin. Gobernu-tamaina erabaki eta gero, sektore pribatuko izatea nahi duen jarduera maila sostengatzeko behar diren zergen maila zuzena erabakiko du. Zerga horiek gobernuaren tamaina baino txikiagoak izango dira. Hortaz, nahiz eta gobernuak txikiagoa gura, zergak eduki behar dira, zeintzuk are baxuagoak izango diren. Zergatik? Horixe delako bide bakarra sektore pribatua bere aurrezki desiotan egokitzeko.

EBn badago arazo bat: EBZk, estatutuz, debekatuta dauka EBko herrialde-gobernuei finantzatzea. Beraz, zer esan nahi du lehen aipaturiko diru-banaketa horrek? Nondik dator dirua? Nora doa?

Proposamena gauzatzeko, EBko gobernuen aho bateko onarpena behar da. EBko gobernuek kontuak dauzkate EBZn. Proposamenaren arabera, EBZk kreditu balantze bat ezarriko du gobernu-kontuetan. Beraz, gobernu-kontuetan balantzea handituko da. Banku nazional baten kontuetan balantzea handitzeak ez du esan nahi gastu gehiago egongo denik (beste alde batetik, gastuak sor dezake inflazioa, ez banku zentral baten konputagailuan kreditu-balantze baten existentziak).

Gero, balantze hori gastuetan, maileguz hartzean eta zor kudeaketan erabiliko da. Demagun, Greziaren kasuan: behin kreditu-balantzea erabilita, Greziak bere gastu normala segituko luke, baina bere zorra gutxitua izango da (BPGren %20an lehen urtean). Proposamen horrek ez du inongo eraginik ekonomia errealean, ezta gastu errealean ere. Eragina hauxe da: ordaindu gabeko titulu greziar gutxiago egongo dira eta Greziako zorra gutxiagotuko da eta gutxituz joango da.

Banku zentralen jarduera ulertzen duena konturatuko da proposamenak ez duela inongo eragina ekonomia errealeko inflazioan, enpleguan eta errentan. Eragina gobernu nazionalen finantzaketa normala erraztea da. Beste era batera esanda, EBk ezin ditu bermatu herrialde guztiak, eta EBZk ezin ditu bermatu gobernu guztiak, zeren, hala egingo balu, defizitik handiena gastatuko lukeenak irabaziko luke (hondoranzko lasterketa bilakatuko litzateke). Beraz, nolabaiteko mekanismo bat egon beharko da gobernu-defizitaren gastua kontrolatzeko, herrialde kide guztientzako. Proposamenak kreditu-arriskua alboratzen du herrialde-gobernuaren mailan, ondorioz, merkatuak ez ditu gehiago mugatuko gobernuak maileguz hartzeko ahalmenean, gobernuak soilik EBZren urteko banaketaren menpe daude, beraiek finantzatzeko askatasun horri eusteko.

EBZk, beraz, diziplina bat ezar dezake herrialde horien gainean. Isunak ezarri barik, ordainketak ateratzeko erreminta hori edukiz, EB egoera sendoago batean egongo da behar dituzten defizit-mugak betearazteko, goian aipaturiko hondoranzko lasterka gertatu gabe.

EBn gaur egungo defizit-muga BPGren %3 da. Eskaera kudeaketa Egonkortasun eta Hazkunde Akordioan oinarritu behar da. Aurrerantzean, aldiz, Europak erabaki behar du defizit-muga berria zein izango den (%3, %4, %5, %6 edo dena delakoa). Erabaki politikoa da. Defizit-muga baxuegia aukeratzen badute, langabezia gehiago egongo da. Altuegia onartzen badute, inflazioa egongo da. Erabakia beti politikoa izango da. Galdera da: nola betearazten da aukera politikoa? Orain isunen bitartez betearazten ari dira. Baina horrek ez du funtzionatzen.

Mosler-en proposamenaren arabera, hala AEBetan nola EBn, defizit gastuaren eta zor-metaketaren nolabaiteko maila behar du. AEBak hobeto daude EB baino; izan ere, AEBetako aurrekontu defizitek ez daukate EBk dauzkan egonkortasun aferak eta aipaturiko kreditu kontuak.

Beste aldetik, Alemania ez da Kalifornia, ezta Grezia Connecticut ere. EBk bere herrialde kide guztiak maila berean ezarri ditu, estatu gobernu gisa, baina AEBek daukan Gobernu federalik gabe, estatu gobernuei laguntzeko. Horrek eskaera agregatua sostengatzeko zama EBko herrialde kideetan ezartzen du. AEBen defizita maila federalean dago, ez estatu bakoitzari dagokionean.

Demagun analogia bat: baldin eta AEBek joan den urtean 1012 gehi 0,5 x 106 dolarreko defizita izan bazuen maila federalean, eta baldin eta hori estatu desberdinen mailan gertatu izan balitz, AEBak egongo lirateke EB dagoen egoera berdintsuan, AEBetako estatuak ordaintze ezaren ertzean egonez. Baina AEBetako defizita maila federalean dagoelako, ez estatu ezberdinen mailan, EB baino egoera sendoago batean daude AEBak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo