GARA > Idatzia > Mundua

Bin Ladenen mehatxuak ez du zerikusirik tropen etxeratzearekin, Parisek dioenez

Estatu frantsesa datorren urtetik aurrera Afganistanen dituen soldaduak ateratzen hasiko dela iragarri zuen atzo Defentsa ministro Herve Morinek. Erabaki honek Bin Ladenek egindako mehatxuekin zerikusirik ez duela gaineratu zuten Eliseoko agintariek.

p016_f02_140x140.jpg

GARA

NATOko hainbat herrialdek egin nahi duten bezalaxe, Estatu frantsesa ere Afganistanen dituen soldaduak etxeratzen hasiko da datorren urtetik aurrera, Herve Morin, Defentsa ministroak baieztatu zuenez. Hala ere, Morinek ukatu egin zuen horrek «inolako loturarik» duela Al-Kaedak helarazitako azken mehatxuekin.

«NATOren estrategia berriaren barruan data bat ezarrita dago, 2011ko hasiera; urte horretan, zenbait eskualde afganiarren kontrolpean utziko ditugu», gaineratu zuen, RTL irratiari eginiko adierazpenetan.

Haren hitzen arabera, «une horretan gerta litezke Afganistaneko indar aliatuen aurreneko etxeratze edota mugimenduak».

«Bestalde, programa [AEBetako presidente] Barack Obamak diseinatu du, eta bertan zehazten da lehenengo soldadu estatubatuarrak Afganistanetik aterako direla 2011 hasieran. Hori esaten hasi dira zenbait herrialde europar», baieztatu zuen.

Mehatxuak

Al-Kaedako buruzagi Osama bin Ladenek ohartarazpen bat igorri zion Estatu frantsesari, eta Afganistanetik tropak ateratzeko exijitu. Afrikan izan diren frantsesen bahiketak justifikatu zituen.

«Frantses herriari» zuzendutako mezuan, zapi islamikoaren debekuaren aurrean erantzuteko «eskubidea» dutela azaldu zuen, eta horretarako, «inbasoreen» aurka indarkeria erabiliko dute, beharrezkoa da.

Mehatxua Al-Jazeerak kaleratutako audio baten bidez egin da publiko eta ofizialki frogatu dute haren egiazkotasuna.

Magreb Islamiarreko Al-Kaedak (MIAK) bere gain hartu zituen bost frantses, eta togoar eta madagaskartar banaren bahiketak. Niger iparraldean hartu zituzten gatibu, irailaren 16an, eta zenbait iturriren arabera, Mali iparraldean daude.

3.750 soldadu frantses inguru ari dira Afganistanen, NATOren operazioaren barruan.

Adi-adi

Asteazken gauean, Brice Hortefeuxek, Eliseoko Exekutiboaren Barne ministroak baieztatu egin zuen Bin Ladenen mezuaren egiazkotasuna, eta Estatu frantsesaren aurkako atentatua gertatzeko aukera «erreala» dela gaineratu.

Estatuaren aurkako mehatxuak «onartezinak» direla adierazi zuen atzo Kanpo Arazoetako ministro Bernard Kouchnerrek, eta lurralde osoan arreta maila «izugarri altua» ezarri dutela ziurtatu zuen.

Hala ere, «ez dira kontu berria», esan zuen Kouchenerrek AFP agentziak eta RFI irratiak egindako elkarrizketan. Al-Kaedako buruaren azken adierazpenak «oportunistatzat» jo zituen.

«Ez gaitu harritu eta adi-adi jarraitzen dugu, zentzu guztietan mantentzen dugun arreta eta prestakuntza maila izugarri altua da», gaineratu zuen, ministroen batzarraren ondoren.

HILDAKOAK

Indar aliatuetako soldadu bat hil zen atzo Afganistanen, NATOk baieztatu zuenez. Bestalde, tripulazio gabeko hegazkin batek sei ustezko miliziano hil zituen Pakistanen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo