Eszenak
Ametsen errautsak
Dorleta URRETABIZKAIA Aktore eta idazlea
Egunak gero eta motzagoak dira eta hotzak beroa lapurtzen duen moduan, gauak ere eguna osten digu eta egun argia desagertzearekin batera, izu beltza sartzen zaigu ate eta leiho zirrikituetatik, izan ere, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astea hasiko baita bihar. Aurtengo edizio honetan, hogeita lau film luze izango ditugu Sail Ofizialean, hogeita bi film labur, Piztiak Pantailan sailean bederatzi film, haurrentzako bi pelikula, bost erakusketa, baita antzerkia ere, Carros de Foc taldearen eskutik «Ahaztutako Herrien Kondaira» antzezlana izango baitugu bihar kalean.... Bazen behin leku bat, non bertako herrialdeak elkarren artean borrokan aritzen ziren beti. Tribu aurkari hauek izugarrizko tresnak sortzeko gai ziren etsaia garaitzeko baina tribu haietariko bi aurrez aurre borrokan hasi ziren batean, denbora eten egin zen.... Eta geure denbora ere eten egingo da hilaren bostean, Donostiako kaleak zonbiz beteko baitira. Hilerrietako hilkutxa hotzetan euren gorputzen errautsak bildu eta lurrazalera aterako dira bizion haragi eta odol beroaren bila.
Baina noizbait amestu eta sekula izan ez zirenaren errautsak baino ez dira geratuko hurrengo bi egunetan zehar Gasteszenan Le Petit Théâtre du Pain taldearen «Errautsak» antzezlana izango baitugu. Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatziriko testu hau aurreko mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadako gazteengan oinarrituriko lana da. Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortutakoen ondorengoena. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, festaz eta orotariko drogaz inguraturiko gaztaroa izan zutenena. Baina horren guztiaren azpian, galdera potolo baten taupada sakona sentitzerik izango da, ezen, ametsen errauts haietan izan al zen noizbait surik?... Hodei hil egin da. Gaztaroko lagunak, urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, honen hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz ere elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da, iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuz.
Gaua, iluntasuna, izua, errautsak, zonbiak... Baina izango dugu egoera beltz honetatik aterako gaituenik, izan ere, zonbiak lurrazalera aterako diren moduan, gure salbatzailea ere komikietatik atera eta hezur eta haragizkoa bilakatuko zaigu hilaren 10etik 14ra bitartean. Ez da Superman, ez Batman, ezta Spiderman, ezta Superlopez ere... EGAko titulua duen munduko heroi bakarra da: Xabino Lizuniaga, alias Xabinaitor. A itsatsiarekin, atzizkiekin eta perpaus konposatuekin zonbiengandik salbatuko gaituen superheroia. Eta hilaren hamaikan berriz, krisi garai hauetan Xentimorik gabe munduari hainbat bira eman dizkioten bi fenomeno ikusteko aukera izango dugu Loiolan: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa.