Aipagarriak
ETBko kazetariei jarritako espedienteak bideratzeko agindu du Idigorasek
Gernikako Estatutuaren eguneko bideoaren harira izandako tirabiren ostean, ETBko zuzendaritzak bi kazetariri espedientea zabaltzea erabaki zuen herenegun. Atzo, Miguel Angel Idigorasek bide horretan aurrera jotzeko agindu zion giza baliabideen sailari. Langileen batzordeak premiazko bilera deitu du gaurko, gertaera larri hauei erantzuna emateko.
A. ARRUTI | BILBO
ETB Euskal Telebistako bi kazetariri zabaldutako espedienteekin aurrera jarraitzeko asmoa dauka Miguel Angel Idigorasek, ETBko zuzendariak, eta honela agindu zion atzo arratsaldean enpresako giza baliabideen sailari. Astelehenean, Gernikako Estatutuaren egunean, Juan Carlos Viloria politika arduradunak idatzitako testua irakurtzeari uko egin zion Maite Zurikarai kazetariak eta hori dela eta zabaldu diote espedientea. Jasone Agirreri, berriz, behin-behineko erredakzio kontseiluak gertakarien harira zuzendaritzari bidali zion testua langileen artean zabaltzeagatik -eta ez informazioa komunikabideei filtratzeagatik, hasiera batean zabaldu zen modura-.
Jon Otegi LAB sindikatuko ordezkariak GARAri azaldu zionez, Zurikarairen kasuan, «oraindik ez dakigu zer leporatu nahi dioten, zerbitzu juridikoen esku jarriko dutela esan dute. Baina ez zaigu inondik ere bururatzen zein diziplina hauste egin ote duten».
«Erredakzio kontseiluko kideari ere, oharra langileen artean banatzea leporatzen diote. Idigorasek ez dakigu inpultsoengatik funtzionatzen duen edo zer. Bere onetik erraz ateratzen dela ikusten dugu eta kontua hartzen ari den traza ikusita, kezkagarria izan daiteke posizio gogor bat hartu nahi izatea eta dena errotik moztu nahi izatea», esan zuen Otegik.
Espedienteak zabaltzeko arrazoiak ikusita, zuzendaritzaren erasoa benetan larritzat jo du langile batzordeak. «Gu zigorraren aldetik lasai gaude. Zerbitzu juridikoetara jotzen dutenean, iruditzen zaigu ez dutela jakingo zer leporatu. Baina bai larria dela espedientea ireki nahi izatea, oso larria eta ETBn inoiz gertatu ez dena», azaldu zuen Otegik.
Gaur eguerdian bilduko da langileen batzordea, gertakari hauei eman beharreko erantzuna adosteko. «Erasoa oso bortitza izan da eta batzordearen aldetik, bere tamainako erantzuna izango du».
Gertakari hauek azaltzeko, Juanjo Agirrezabala EAko parlamentariak, Alberto Surio EITBko zuzendariaren agerraldia eskatu zuen atzo, Legebiltzarreko EITBren kontrol batzordean, eta salatu zuenez, espediente hauek «kazetarien oinarrizko eskubideak urratzen dituzte: langile eskubideak eta adierazpen askatasuna».
EAJko Luke Uribe-Etxeberriak, bestalde, onartezintzat jo zuen Viloriak, duen kargua izanik, telebistako tertulietan parte hartzea eta egunkari ezberdinetako iritzi zutabeak idaztea. Alberto Suriori Viloriaren bateraezintasunari buruzko hainbat galdera bidali dizkiola azaldu zuen legebiltzarkide jeltzaleak, ekintza horiek ETBko politika arduradun baten lanarekin deontologikoki bateragarriak iruditzen ote zaizkion jakiteko.
«Kontua zer traza hartzen ari den ikusita, kezkagarria izan daiteke Idigorasek dena errotik moztu nahi izatea», esan zuen Jon Otegik.