Ken Zazpi taldearen lan berria
«Inkonformista hutsak gara eta erronka berriak maite ditugu»
Ken Zazpi bizkaitar taldeak beste pauso bat eman eta «Ortzemugak begietan» lana argitaratu berri du, beren zigilu propio Argiak-en eta Elkar etxearen artean plazaratua. Aurreko lanaren bidetik baina astiro-astiro mamitutako lanean «kantuak» hartzen du garrantzia, eta sentimenduak azaleratzea dute asmoa. Lanak, ziurrenera, emango du zeresana Durangoko Azokan, eta aurki oholtza gainean izango ditugu berriro taldekideak.
A. BILBAO | DONOSTIA
Ken Zazpi taldeak «Ortzemugak begietan» lan berria aurkeztu zuen atzo komunikabideon aurrean, non eta Elkar estudio ezagunetan. Eta nazioarteko rock izarren disko agerpen sonatuetan bezala, prentsaurrekoa egin ostean lehen entzunaldia ere bertan egin genuen, Eñaut Elorrieta, Beñat Serna eta Jon Mikel Arronategi taldekideen azalpenez lagunduta -euskara hutsean garatu zen aurkezpen osoa, guretzat ezohikoa dena-.
Elkarrek lan bat bere estudioan aurkezten duen lehen aldia da -diskoa bertan grabatu ez bada ere-. «Lan honen ekoizpen mailan izan duen lanketa nabarmendu nahi izan dugu modu honetan», Angel Valdes bertako arduradunaren esanetan. «Musikari gagozkiola estudioetan gertatzen dira lan artistiko guztiak, estudioak lurrera ekartzen ditu diskoak [kantuak ez datoz zerutik]. Eta disko honetan lan handia zein jende mordoa dago atzean, motibatzen gaituen kantua lortu eta gure emozioak ernarazteko». Eta musikagintzan eskarmentu handia duen Valdesen aburuz, «disko berezi bat da `Ortzemugak begietan', argi berezi eta mezu berezi bat duena; aro berri baten aurrean jartzen gaituena».
«Ortzemugak begietan» Ken Zazpiren Argiak zigilu propioaren eta Elkarren artean ekoiztu dute -disko salmentarako garai onak ez diren honetan-, eta taldearen estudioko laugarren lana dugu.
«`Argiak' -aurreko lana- plazaratu eta hurrengo diskoa egiteko denbora hartuko genuela erabaki genuen» dio Elorrietak, «lana ahalik eta baldintza onenetan egin nahi genuelako», merkatuko zurrunbilotik kanpo, «baldintzatu ez gaitzan». Eta horrela egin dute, bi urte luzeko lana hartuta. «Lana gogor egin dugu, prozesuaren atal bakoitza mimatzen eta lantzen, eta oso pozik gaude emaitzarekin, gustura».
2009ko udan bost kantu grabatu zituen taldeak Muxikako Muxik-On estudioetan, Pituren laguntzaz, eta beste horrenbeste 2010eko udan Usurbilgo Hi Gainen, Haritz Harreguy teknikariarekin, Beñat Sernak dioenez. Modu honetan, «hobeto hausnartuta egin dugu lana. Argi genuen nora heldu gura genuen, eta emaitzan nabaritzen dela uste dut».
Grabaketak burutu ostean Los Angelesera jo zuen taldeak, AEBetara, eta bertan nahastu, Rafa Sardinas bermeotar ekoizle ospetsuaren After Hours estudioan -masterizatu Jimi Hendrixen lanez arduratu izan den Joe Gastwirtekin egin dute-.
Puntu honetara helduta, «disko hau ez da garai hauetarako» onartu digute taldekideek, esfortzu handia eragin baitu -ez bakarrik ekonomikoa-. «Bizi dugun egoera nahasi honetan ez da ondo kokatzen lan hau, baina argi genuen buruan zer nahi genuen eta nola nahi genuen, eta saiatu gara ahalik eta baldintza onenetan egin eta aurretik izan ditugun etekinak disko honetan inbertitzen». Eta horregatik jo zuten Elkar etxera, «garai hauetan indarrak batu beharra dago-eta».
Elkarlan indartsua
Indar metaketa aipatuta, «asko sinisten dugu disko honetan, baita gure ofizioan eta gure lanean ere» gogorarazi digu Angel Valdesek, «eta lan honek ilusioa piztu du inguruan lanean izan dituen guztiongan, sekulakoa». Eta Ken Zazpikoek beraiek ere, «guganako konfiantza erakutsi dute, guri baliogarritasuna eman diguna».
Ilusio horren isla, aipatu behar dugu atzoko aurkezpenean argitaletxe gipuzkoarreko lantalde osoa eta bizkaitar musikariak ez ezik, bideoklipean ageri diren antzezleak, argazki eta diseinu lan txukunaz arduratu diren Kontraluz estudiokoak -«normalean ilunagoak egiten genituen, baina lan honi kolore ezberdina, zuria eta urdina, eman diote; eskatzen zigun»- eta beste ere bertan zirela, irribarretsu.
Bukatzen hasi aurretik, eta aipatutakoez gainera, taldekideek diskoak jorratzen dituen gaiak eta hitzetan zein musikan izan dituzten laguntzaileen berri ere eman ziguten. «Lana oso aktuala da, jorratzen diren gaien aldetik» azaldu zuen Elorrietak, «guri sortarazten dizkiguten sentimendu eta emozioei kantatzen diegu, ahalik eta erarik zintzoenean. Biluztu egiten gara eta gure zalantzak, beldurrak, ilusioak agertu».
«Ahalegin bat egin dugu gaiok musikarekin lotu eta uztarketak elkar osatzekoa. Uhin bat bezala ikusten dut nik, baditu momentu indartsu eta gorenak, baditu lasaiagoak, akustikoak... eta gorabehera horiek dinamismoa ematen diote lanari». «Ortzemugak begietan» izenburua, «metafora eta irudi indartsu bat da, imajinatzen dugu ortzemuga bat, itsasoa eta zerua... eta egunsenti bat bertan [norbaiten begietan]; gure indarretan sinistu eta elkarrekin aurrera egiteko dei bat ere izan nahi du». Taldeak diskoan bertan aplikatu duen indar bilketa, «guretzako diskoa aberastuko zuten jendearengana jo dugu, eta ikuspuntuak partekatu». Hitzetan Jon Maiak («Itsasoa gara»), Maialen Lujanbiok («... eta azkenak hasiera»), Julen Gabiriak («Bala bat lurpean», 36ko Gerrari buruzko kantua) eta Joseba Sarrionandiak lagundu diete. Azken honek «Giltzak» eta «Hemen gaude» kantuetan. Honetaz «Sarriren olerki zahar bat da, «Gartzelako poemak» liburukoa, itzela. Eta musikatu beharra genuen» bota zigun Arronategik. Bere ustetan, taldean «beharrizan bat genuen, eta hitz-egile guztiak aportazio natural bat izan dira. Lortu dute Ken Zazpiren munduan sartu eta ukitu berezi bat ematea».
Musikari dagokionez berriz, Joserra Senperenaren pianoak, Cheche Alararen sekuentziak (AEBetan bizi den argentinarra) eta Uxue Alberdiren ahotsa ere ageri dira lanean.
«Motibazio iturri izan da guretzako izen guzti hauekin lan egitea» aitortu zuen Elorrietak. «Baldintza hauetan diskoa ateratzeak motibatu egiten zaitu zure onena ateratzeko. `Presiopean' gauza asko ateratzen dira»; «oso inkonformistak gara eta erronka berriak maite ditugu, horrela planteatzen ditugu lanak».
Elkarreko Angel Valdesengana bueltatuta, eta diskoaren merkaturatzea ahotan hartuta, «hemen promozio inbertsiorik hoberena diskoa da. Horrelako lan bat, horrelako dinamika, soinu, bizitasun... diskoak berak irekitzen ditu ateak, beste beharrik barik», nabarmendu zuen. Eta Arronategiren taldekidearen esanetan, «Ken Zazpi gustatzen zaionak ulertuko du lana, heldutasun handiagoarekin, %100 gurea da-eta».
Eta orain oholtzaratzea prestatzen dabiltza buru-belarri. «Egon da esfortzu bat diskoan inbertitzeko, eta gure hurrengo erronka zuzenekoa da. Horretan gaude, diseinu berezi bat prestatzen, kontzertuei garrantzi berezia emateko...». Lehena, abenduaren 4an, Durangoko Plateruenan.
«Ortzemugak begietan» artez burutzeko bi urte hartu ditu Ken Zazpik. 2009ko udan bost kantu grabatu zituen Muxikan, eta 2010eko udan beste horrenbeste Usurbilen. Los Angelesera jo zuten gero, kantu guztiak nahastera.
«Uhin bat bezala ikusten dut lana» dio Elorrietak, «baditu momentu indartsu eta gorenak, baditu lasaiagoak, akustikoak... eta gorabehera horiek dinamismoa ematen diote diskoari».
«`Ortzemugak begietan» metafora eta irudi indartsu bat da; imajinatzen dugu ortzemuga bat, itsasoa eta zerua... eta egunsenti bat bertan [norbaiten begietan]; gure indarretan sinistu eta elkarrekin aurrera egiteko dei bat ere izan nahi du».
«Argiak» lanarekin, besteak beste, Bilboko Arriaga antzokia bi gauez bete ostean, erronka polita du aurten Ken Zazpik Bizkaiko hiriburuan, abenduaren 22an bertako Euskalduna jauregian joko dute-eta. 2.200 lagunentzako aretoan egungo euskal talde batek bira arrunt batean joaz emango duen aurreneko zuzenekoan. Aurretik, Durangoko Plateruenan aretoan izango dute lehen oholtzaratzera, Azokaren karietara. Eta urtea gozo hasteko, Donostiako Kursaalen izango dira urtarrilaren 8an. A.B.
Escuchando el disco en la redacción, y con el teatro bien preparado, pregunté a unos cuantos redactores a qué les sonaba lo que escuchaban; se trataba de "Hegoak astindu". Obviamente había que contestar antes de la llegada de la voz. La respuesta fue, U2. En otro momento, en diferente día, la prueba fue con otro preámbulo de «Ortzemugak begietan»; en esta ocasión la respuesta fue Kerobia. Para unos que Ken Zazpi suene tanto a U2 es un aspecto si no negativo al menos sí peyorativo, olvidando que todos los grupos locales suenan a algo de fuera dentro de su estilo o identidad, que quienes inventan el rock y el pop siguen siendo los mismos o casi, estadounidenses o británicos. Los países nórdicos dieron la vuelta al metal o al rock and roll, pero siempre basado en el pasado de los países referidos. Los franceses, por ejemplo, tuvieron su chanson, pero ésta quizá no hubiese sido nada sin Bob Dylan. En todo caso, que a alguien le confundan con U2 o Coldplay, no debiera ser un demérito si lo mostrado no es una mala imitación, sino todo lo contrario: un ejercicio de calidad al que inevitablemente hay que situar en el universo de las dos bandas británicas. Es posible que Ken Zazpi estén hartos de la secular comparativa, pero de semejante acoso no se libra nadie que triunfe y muestre claras sus cartas. Al final, lo que cuenta es si uno es honesto con lo que hace y con lo que ofrece y creemos que Ken Zazpi lo son. Además, son muy buenos músicos, competentes compositores, arreglistas y con un cantante excepcional y seguro de sí mismo. El resto son gustos, rencillas, actitudes o la razón de cada uno. Notable disco. P. CABEZA