GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Gorputz bat eta bihotz asko, manifestazioa osatzeko

Etenik gabeko dinamikan murgildu behar gara norberaren «lubakitik» hasita guztion «lubakira» heltzeko, lehentasuna emanaz torturaren desagerpenari eta euskal presoen etxeratzeari

Gaurko manifestazioaren garrantziaz bi hitz esan nahi nituzke. Ezker abertzalearen baitan, hainbat belaunaldiko euskaldun, abertzale eta ezkertiarri ez zaigu tortura arrotza, zoritxarrez; hain zuzen, geure larruan jasan izan dugulako, edota senideren batek, inguruko lagunek, seme-alaben koadrilakoek, auzokoek, hau da, azken 50 urteotan, eta bereziki Erreforma garaitik hona, inguru oso zabalean, ez da egongo torturatua izan dena ezagutu ez duen inor.

Izan ere, Guardia Zibil, Polizia zein Ertzaintzaren komisarietatik igarotakoen artean tortura edo tratu txarrik jasan ez dutenak gutxi izango dira. Zer esanik ez, atzerago joko bagenu, zeren tortura izan da mendeetan zehar euskal herritarren borondatea eta Euskal Herriaren etorkizuna zapuzteko betidaniko etsaien lanabesa.

Torturatzen duenaren izaera gizakia izateari utzita egiten omen da. Ez dakit hori, zeren gizakia berez nahiko konplexua da, eta animaliatik asko dugula esango nuke. Eta hau esanda, etsaiak animaliatik asko baino gehiago duela ere bai, hobeto esanda, gainditu egiten duela edozein animalia buru pentsakor eta maltzurkeriaren bidez badakit, bestela nola uler dezakegu honelako «gizakiak» erabiltzea bere helburuak betetzeko? Etsaiak badaki torturatzailearen gozamenaz, plazeraz; baita hurrengo saiorako ekintza berrien antolaketaz ere; eta emakumeengan erabiltzen dituen lizunkeriaz eta bortxaketaz.

Torturatzailea aparteko gizakia bada, edo aparte uztekoa, ez zait gehiegi axola, zeren kontuan ere izan behar dugu etsaiaren eskua besterik ez dela, hori bai, ezinbesteko morroia Gobernuaren agintean dagoenarentzat bere helburua bete ahal izateko, hau da, orain agintean dagoen PSOErentzat torturatzailea euskal izaera eta borondatea makurtzeko, eta ahal balu desagerrarazteko, beste tresna bat besterik ez da.

Bestalde, goitik hasi eta beheko mailaraino dagoen tarte zabal horretan sartzen diren hainbat gizaki politikari, epaile, kazetari eta komunikabide ezinbesteko laguntzaile bihurtzen dira torturak bere horretan jarrai dezan, jakinik, gainera, erantzukizun zuzena dutela Estatuko biztanleriaren aurrean eta, zer esanik ez, geurean.

Beraz, Euskal Herria herri bezala onartua izateko daramagun borrokaren aurrean, Estatuko Gobernuaren erantzuna euskal gazteria atxilotu eta torturatzea bada, etorkizunari bidea moztuz, badakigu nondik bideratu behar ditugun geure pausoak: Estatuarekiko konfrontazioan. Sendo eta beldurrik gabe. Arrazoi izateak indartu egiten baikaitu.

Borroka egiteko aro berri batean sartzen garen ziurtasuna badugu, berak dakar adi eta prestu egoteak, etsaiaren atzaparkadei erantzuteko gorputz bat bezala atxiloketa bakoitzean, gazte edo zahar, abertzale edota ezkertiar.

Ez dut zalantzarik etenik gabeko dinamikan murgildu behar garela norberaren «lubakitik» hasita guztion «lubakira» heltzeko, lehentasuna emanaz torturaren desagerpenari, eta euskal preso politikoen etxeratzeari.

Atxiloketa eta torturaren aurrean: salaketa maila guztietan.

Tortura jasandakoei, eta preso dauden euskal borrokalari guztiei: babesa, elkartasuna eta gure maitasun osoa, etxeratu arte, behinik behin.

Gaur Donostian elkartuko garen guztion eztarriak norabide bakarrean zuzenduko ditugu: Madrilgo Gobernuari eta bere morroi torturatzaileei begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo