GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Tortura salaketa asko egiten dira, baina horiek baino gehiago dira tortura kasuak

Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak atzo aurkeztu zuen 2009ko txostenak 105 euskal herritarren tortura salaketa biltzen ditu; ia erdiak atxilotua inkomunikatu ondorengoak. Salatuak polizia-indar guztietakoak dira, baina txostenak ez ditu tortura eta tratu txarren salaketa guztiak biltzen, batzuk txostenetik kanpo geratu baitira, zenbait kasutan informazio eskasagatik eta beste zenbait tratu txarrak jaso dituztenek berek hala eskatuta. Inork ikusi ez dituen eskuliburuak, inork entzun ez dituen kontsignak, aske atera diren lagunen salaketa «faltsuak»... argudio zakarregia, trauskilegia dira egia jasanezin bat estaltzeko. Eta egia latz horren parte da tortura eta tratu txarren kasu asko salatu ere ez egitea. Beharrezkoa da salaketa, eta salaketei esker eman dira torturaren aurkako zenbait pauso, oztopoz beteak baina sendoak. Beharrezkoa da, baina torturatuak ez salatzea ere ulergarria da; poliziek salaketa jartzeko aukerak edo, besterik gabe, beldurrak eta ahaztu beharrak azaltzen dute jarrera hori. Besterik da ahanztea lortuko duten. Gaur tortura salatzen duten eta salatzen ez duten guztien ahots biderkatuak biltzeko, guztien salaketa ozena egiteko gunea izango da Donostia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo