GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ordu aldaketak gizakiaren portaeran eta behar fisiologikoetan eragina du

Udako ordutegitik neguko ordutegira 60 minutuko aldaketa besterik ez dagoen arren, gizakiaren burmuinean sortzen diren hormona asko hankaz gora jartzen dira, eta aldaketa txiki horrek handiagoak sortzen ditu.

GARA | DONOSTIA

Gaur gauean ordubete atzeratuko ditugu gure ordulariak, neguko ordutegiari hasiera emateko. Aldaketa horren ondorioz, burmuinean sortutako hormonek ere aldaketak jasaten dituzte, eta giza-portaeran eragina izan dezake horrek. Ordulariko orratzak 3.00etan aldatu beharko ditugu, 2.00etara. Neurri hau derrigorrezkoa da Europar Batasuneko herrialde guztietan.

Ordu aldaketak gizakiaren organismoan izan ditzakeen eraginak neurtzen ari dira adituak azken urteetan. Nahiz eta argiaren aldaketa txikia izan, burmuinean eragin zuzena du, erretinak argi aldaketa nabaritzen duelako eta hipotalamoari informazioa bidaltzen dio. Honela, burmuinaren zati horretan sortzen diren hormonen maila aldatu egiten da.

Egunetik egunera gertatzen dira argiaren aldaketak, baina poliki-poliki aldatuz ez dute eraginik gizakian, erritmo zirkadiano delakoaren barnean sartzen dira-eta. Aldaketa bat-batekoa izateak dakar arazoa. Neguko ordutegira aldatzerakoan organismoak egun bat edo bi behar izaten ditu egokitzeko. Ikerketek erakutsi dute umeek euren portaeran aldaketak jasan ditzaketela eta arreta maila txikitu; nagusietan, berriz, loaren nahasmenduak ager daitezke.

Kanariar irletako Turismo erakundeak egindako ikerketa baten arabera, negua iristen denean eta ordua aldatzen denean, jendearen %70 goibelago dago. Gainera, herritarrak mukerragoak eta antsietate handiagoarekin daude, arreta txikitzen da eta sexu harreman gutxiago izaten dituzte. Argiaren intentsitateak ziklo zirkadianoetan, serotoninaren (iluntasunarekin gutxitzen den hormona) eta melatonitaren (iluntasunarekin sortzen dena) mailetan eragiten du. Argi gutxiago dagoenean bi osagai horien arteko oreka hankaz gora jartzen da eta «neguko goibeltasunaren» sintomak agertzen dira.

Ordu aldaketa 1974tik aurrera orokortzen hasi zen, petrolioaren krisiarekin batera. Herrialde batzuek eguzkiaren argia hobeto aprobetxatzeko eta elektrizitate gutxiago kontsumitzeko ordulariak aldatzea erabaki zuten. 2001etik Europar Batasun osoan, derrigorrez, urriaren azken asteburuan neguko ordutegira pasatzen gara.

Gezurretako egunsentiak

Gizakia lo dagoen bitartean ere argiak eragina du bere organismoan. Lo egiteko iluntasuna behar da. Eguzki izpiak betazaletatik pasatzen direnean gorputza berotzen hasten da, eta pixkanaka organo guztiak suspertzen hasten dira.

Gehienek soinu ozen eta karrankariak erabiltzen dituzte esnatzeko, baina hori ez da aproposena. Egokiena da kaleko argiarekin esnatzea, egunsentiarekin batera. Baina eguzkia zein ordutan aterako den ez dagoenez gure esku, egunsentia simulatzeko makinak sortu dituzte. Ordulari bat bezala programatzekoa da, eta zehaztutako orduan, pixkanaka argia pizten hasten da, poliki-poliki, benetako egunsentia izango balitz bezala. Produktu hau erabiltzen duena lasaiago eta zoriontsuago esnatuko dela baieztatzen dute makinaren asmatzaileek.

Liseriketa aparatua

Orduaren aldaketak egunean zehar gose gutxiago eta gauean gehiago izatea eragin dezake, baita digestioaren nahasteak ere eta urin gastrikoaren jariakina handiatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo