GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika| Atzokoak, gaurkoaz eta biharkoaz, hiru gogoeta

Urte askotako eskarmentua, betiko arazoa, bide berriak, ilusio berrituak

Bat datoz Arantza Arruti, Txomin Ziluaga eta Alberto Muñoz: ilusio garaiak dira hauek, 1977. urtearen antzerakoak. Eta indarrak metatze- koak ere bai. Beren esperientziaren talaiatik, «arazoa betikoa» dela nabarmentzen dute, baina, aldi berean, 33 urte hauetan arrazoiak pilatu direla uste dute, herria indartu dela, alegia.

p006_f01.jpg

Ramón SOLA

Altsasuko Mahai hartako kidea izan zen Txomin Ziluaga, orduan HASIko ordezkaria zelarik. Arantza Arrutik gogoratzen duenez, «fisikoki» ez zen bertan egon, baina gertu-gertutik jarraitu zuen prozesu hura, EIA alderditik hurbil baitzen. Alberto Muñoz ere «oinarrizko militantea» baino ez zen, baina gogoan du zeintzuk izan ziren EAE-ANVko alderdikideak Altsasuko elkargune hartan. Guztientzako erreferentzia dira egun haiek, ilusioaren erreferentzia alegia. Gaur egungoak bezalaxe. Horregatik, orduan Altsasun izan zirenak eta ez zirenak bildu zituen atzo bertako agerraldiak. Beren esperientziak eta ikuspuntuak edonori kontatzeko prestutasun osoz, gainera.

Begietan distira berezia nabari zaio oraindik Muñozi, une haiek gogoratzerakoan: «Genozida hil ondoren, batzeko beharra ikusten genuen denok, egoera irauli ahal izateko. Izugarriz- ko mugimendua zegoen arlo guztietan. ¡Pura efervescencia!», laburbiltzen du. «Gure adorea hain handia zenez, agian ez genuen aurrean genituen arerioen indarra neurtu ere egiten», aitortzen du, damurik gabe.

Oso urte latzak izan zirela ez zaio ahazten Ziluagari: «Manifestazioetan hildako asko, pilo bat... Hasiera-hasieratik argi geratu zen ez zela frankismoarekin inolako hausturarik izango, handik zetozen epaile, kazetari, poliziakide, militar haietatik inortxo ere ez baitzuten bazterrean utzi, guzti-guztiek jarraitu egin zuten. Gauzak horrela, inolako bermerik ez zela ikusi genuen, eta indarrak batu behar izan genituen».

Elkartzea, beraz, erraza izan zela aipatzen dute hirurek. «Izan ere, Franco hil zen, baina etsaiak bertan jarraitzen zuen, gure etsaia Euskal Herriari askatasuna ukatzen ziona zen-eta. Gu guztiok urte luzetan kartzeletan edo atzerrian egonak ginen, eta orduan borrokan jarraitu behar genuen, nola ez!».

«Berpiztea»

Urte eta gauza gehiegi gertatu dira ordutik hiru mintzakideei balorazioa azkar bat eskatzeko. Baina galdetu gabe ere, oraingo egoera orduko harekin parekatu daitekeela aipatzen dute. «Azken finean, arazoa betikoa da, gauzak ez dira aldatu eta honek ere aliantza berriak egitea eskatzen du, orduan bezala gutxieneko akordio batzuen gainean. Harrigarria da ikustea, horrenbeste denbora pasatu ondoren, betiko gauza xumeak ari garela aldarrikatzen: eskubide zibil eta politikoak, autodeterminazio eskubidea...». Buruaz baiezko keinua egiten du Ziluagak, bere ondoan eserita: «Funtsezko gauzak: burujabetza, herriak erabaki dezala, inoiz abertzalea izan ez den oligarkia horrek pribilejioak ez ditzala izan...».

Alberto Muñozen iritziz ere, beste bide batzuetatik baina betiko arazo bera da aurre egin beharrekoa, «saldu diguten `trantsizio'rik ez delako izan. Gezurra da. Frankismoak jarraitu egin du. Horregatik ulergarria da berpizte hau ikustea. Garai bateko militanteak eta gero etorri direnak batzen dituen berpiztea da. Aurrera egin dugu urte hauetan -ziurtatu du-, arazoa gizarteratu baita». Iritzi berekoa da Arantza Arruti: «Bai, euskal herritarren gehiengoak barneratu du, badaki urte hauek ez direla alferrik pasatu».

Etorkizunari begira jarrita, ez dute soilik ilusioa aurreikusten. Herri indar nahikoa ere bai. Eta heldutasuna, Arrutik azaltzen duenez: «Eztabaida asko eman da, hausnarketa sakona egin da, eta garai batekoa baino kontzientzia sakonagoa ikusten da, arrazoi gehiago barnebiltzen dituena. Jadanik ez gara lelo ba- tean oinarritzen, edo emozioetan bakarrik, arrazoietan baizik. Hau oso garrantzitsua da, politikagintzan aurrera egin ahal izateko gauzarik okerrena inozo izatea baita». Eta azken mezua: «Gauzak ondo eginez gero, lortu egingo dugu».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo