GARA > Idatzia > Euskal Herria

Venezuelak onartezintzat jo du Kongresu espainolaren esku-hartzea

Venezuelari «erabateko kolaborazioa» eskatuz Kongresu espainolean onartutako mozioa onartezina dela salatu zuen Venezuelako Asanblea Nazionalak. Gainera, Kongresuaren jarrera «kolonialistak» gaur egungo estatuen sisteman ez duela lekurik esan zuen.

GARA

Asanblea Nazionalak «onartezintzat» jo du Madrileko Diputatuen Kongresuak asteartean PSOEren eta PPren babesarekin onartu zuen mozioa. Haren bidez, Kongresuak Gobernu espainolari agintzen dio Venezuelari «erabateko kolaborazio» eskatzeko, Arturo Cubillasen estradizioa gauzatze aldera.

Venezuelako Asanblea Nazionalaren izenean, Cilia Flores presidenteak eta Zuzendaritza Batzordeko kideek nabarmendu zutenez, «oraindik epaitegi espainolen eskaera formalik ez duen estradizio baten gaineko emaitza zehatz bat» lortzea da Parlamentu espainolaren asmoa, eta hori «esku-hartze onartezina» dela eta «gaitzetsi» beharrean daudela gaineratu zuten.

Era berean, Kongresu espainolari eskatu zioten estatuen burujabetza errespeta dezala eta «egungo estatuen nazioarteko sisteman lekurik ez duten jarrera kolonialak» alde batera utz ditzala.

Venezuelako erakundeei babesa agertu zien Asanblea Nazionalak, eta «terrorismoa amaitzeko» egiten duten lana nabarmendu zuen. Horiek horrela, Venezuelaren kolaborazio eza iradokiz Parlamentu espainolak egindako «zeharkako aipamena» guztiz deitoragarria dela adierazi zuen.

Diputatu venezuelarren ikuspegitik, iradokizun horiek «Bush-Aznar doktrinaren jarraipena» erakusten dute, «Venezuelak terrorismoaren aurka duen konpromisoa aldez aurretik zalantzan jarrita». Azkenik, Venezuelan botere publikoak erabateko independentziarekin aritzen direla esan, eta hortaz, euren barne politikarekiko errespetu faltarik ez dutela onartuko adierazi zuten.

Bien bitartean, Gobernu espainolak atzo onartu zuen Venezuelari Arturo Cubillas estraditatzeko eskaria egitea, ETAren eta FARCen ustezko lotura ikertzen dabilen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velascok epaitu dezan. Hori esan zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba presidenteorde eta Barne ministroak. Velascok aurreko astean eskatu zion Madrileko Gobernuari izapideak hasteko, eta Cubillasi venezuelar herritartasuna kentzeko gomendioa egin zion Venezuelako Gobernuari.

Abokatuak Venezuelan

Bestalde, Maiquetiako (Venezuela) nazioarteko aireportuan bi abokatu euskaldun atxilotu zituztela zabaldu zuten atzo berri agentzia espainolek. Informazio iturria Cubillasen abokatua zela esanda, Sebin inteligentzia zerbitzukoek-edo atxiki zituztela, eta agian kanporatuak izango zirela iragarri zuten. Behatokikoek GARAri jakinarazi ziotenez, ordea, ez zen abokaturik atxilotua izan Venezuelan.

atxiloketarik ez

Arturo Cubillasen defentsa prestatzeko asmoz Venezuelara joandako bi abokatu euskaldun atxilotu zituztelako albistea zabaldu zuten atzo. GARAri jakinarazi diotenez, ordea, ez da halakorik gertatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo