GARA > Idatzia > Kultura

Ekitaldi ukigarri batekin egin zion ongietorria Euskaltzaindiak Xarles Videgaini

Xarles Videgain baionarraren sarrera-ekitaldi ofiziala egin zen atzo Lapurdiko hiriburuko antzokian. Euskaltzainez inguraturik, Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zizkion domina eta diploma.

p050_f01_97x140.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Ekitaldia ukigarria izan da, baina orain hasten da lana», bota zion atzo goizean, Baionako antzokian, Andres Urrutia euskaltzainburuak Xarles Videgain euskaltzain oso berriari egituraren domina eta diploma ematean.

Goizeko hamaiketan hasi zen, antzokia jendez gainezka zegoela, ekitaldi ofiziala. Xabier Kintana euskaltzainak aurkezturik, zeremonia Jean Rene Etxegaray Baionako zinegotziak abiatu zuen eta, ondotik, Jean Haritschelhar eta Patxi Uribarren ugazaita gisa joan ziren Xarles Videgainen bila egituran sartzen laguntzeko.

Euskaltzaindiko kide gehienak bertan zirela, Videgainek «Baionan» izenburuko sarrera hitzaldia eskaini zuen. Kargu hori emanen ziotela jakin zuen momentutik «ohore eta kargu izanen zitzaiola» aitortu zuen, gehienbat atzo bere sorterrian izandako errituan bota beharreko «hitzaldiagatik». Videgainek bere ibilbidea zuen gehien aipatu. Baionarekiko lotura eta, baita Ortzaize ere, bertan ematen baitzituen oporraldi luzeak. «Zuzen edo oker, urrun edo hurran, ene ibilbidean izan dudan suertearekin badu zerbait egitekorik itsasoari guziz irekia ez den Baiona horrek. Hemengo gazte anitzek bizi izan duten exilioari uko egiteko suertea izan dut», esan zuen.

Jacques Allieres irakasleari euskararekin izandako «lehen lotura intelektuala» zor ziola gogoratzeaz gain, bere ibilbidean ezagutu dituen kultur munduko hainbat pertsona ekarri zituen gogora. Hitzaldia izan zuen medio ere Euskaltzaindiaren «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa» egitasmoan egindako lana nabarmentzeko eta, proiektu horretan barnaturik, egiturak emandako laguntza eskertzeko.

Ate nagusitik sartzea

Beñat Oihartzabalek egin zuen sarrera hitzaldiaren ihardespena. «Bokal koloratuei jarraikiz» izenburuko kolorez beteriko olerki-testua izan zen atzoko ekitaldian aipagarri eta ukigarriena.

«Bokalen olerkiko bost koloreak bokal abezedario gisa baliaturik, honako bidean garrantzizkoak izan dituzkezun beste izen batzuk ekarriko ditizut plaza honetara», erranez hasi zuen erranaldia. Bokalak eta koloreak lagundurik, Videgainen bizi eta ibilbidea aipagai izan zituen: 1989an aurkeztu bi mila orrialde baino gehiagoko Oztibarreko kabalen inguruko hiztegia, eta XIX. mendeko Bourciez eta Sacazen euskarazko testu bildumak. Videgainen agot jatorriak gogora ekarriz bukatu zuen: «Bada, jakizu, plazer dudala, eta berdin ene euskaltzain lagunek etorki hartako norbait sartzen da egun Euskaltzaindian. Eta, ez bazterreko ate ttipitik..., baina, kolorezko bokalek bidea irekirik, zure Baiona maiteko herriko etxeko ate nagusitik».

Ingurukoen omenaldi txikiek ere izan zuten tokia

Sarrera-ekitaldi ofizialaren azken hitza Andres Urrutia euskaltzainburuak izan zuen. Euskaltzainen eta bertan zeuden hautetsi, adiskide eta kultur munduko lagunen aitzinean, Xarles Videgainen zin egitea egin zen eta, ondotik, euskaltzain oso gisa agiria eta domina eskaini zizkioten. Euskaltzain guztien ongietorriarekin eman zioten amaiera zeremoniari. Halere, ekitaldia ez zen horretan bukatu. Artitz Videgain semeak bi lagunekin banako dantza eskaini ondoren, bretoieraz olerki baten irakurketa eta Oldarra abesbatzaren bi abesti entzun ziren antzokian. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo