Ixabel Etxeberria Irakaslea
Eskuina erasoka
Lasserre jaunak berak, kantonamenduetako hauteskundeak heldu direla-eta, Akitaniari eskatuko omen dio Seaska sostengatzea; Max Brisson bera autonomiari buruzko debatera hurbildu da. Zein da helburua gogoen nahastea eta botoen irabaztea baino?
Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak bukatzen ari dira. Noski, azaroaren 6an berriz ere bilduko gara oraintxe bozkatu duten legea inposatu dutela gogoan atxikiko dugula aldarrikatzeko.
Legea bozkatu dute orai errepublikarren zintzotasunaren diskurtsoa hedatzen dute. Legea bozkatua izan denez, herritarrek errespetatu behar dutela, ados ez bagara ere, inposaketa izan bada ere. Ministro guztiak hedabideetatik pasatzen ari dira, hori jendearen gogoetan ongi sarrarazteko.
Mobilizazio ederrak izan dira, toki ainitzetan grebak antolatu dira eta sektore estrategikoek parte hartze azkarra, kementsua erakutsi dute. Findegi guztiak gelditu dira, garraioak, sektore ainitz atera dira karrikara, erretreten erreformak langile xumeenak utziko baititu egoera larrienean. Erreforma ez da zuzena, horretaz adostasuna dago gizartean.
Mugimendu osoa baikorra izan da, praktika kolektiboetan poza agertu da, grebalariek sostengua izan dute herri askotan, sindikatuek pentsatua zuten baino urrunago eramanak izan dira, baseek determinazio handia baitzuten.
Bestalde, polizia taldeen probokazioa, manifestarien artean polizia taldeen infiltrazioa frogatua izan da. Boterea Poliziaren infiltrazioen bitartez manifestaldien eta mobilizazioen alde zegoen iritzi publikoa aldatzen saiatu da. Sasitresna guztiak baliatu dituzte. 2.600 atxilotze izan dira, gazte batzuk berehala epaitu eta presondegiratuak. Mobilizazio horiek ondorio pisuak utzi ditu: atxiloketak, diru galtze handiak familietan. Greba egunak ez dira ordainduak izanen. Mobilizazioak, finean, irabazi konkreturik gabe bukatzen ari dira.
Erreforma hori ez zegoen frantses presidentearen programan. Baina publikoki informazioa atera da presidentearen anaiak interes zuzenak dituela erretreten sektore pribatuetan. Berriz ere, boterearen eta interes pribatuen arteko lotura agerian utzia da!
Botereak orria berehala pasatu nahi du. Lortzen badu, irabazle aterako da. Une honetan sindikatu buruek ez dute gauza handirik erraten, ez dute erreboterik Gobernuak erakutsi duen hetsialdiari erantzuteko. Alta, mugimenduak ondoko hauteskundeetan ondorio zerbait ekarri behar luke. Zoritxarrez, entzuten da kantonamenduetako hauteskundeek tokiko arazoak hunkitzen dituztela, beraz, ezin direla lotu. Noiz geldituko ote da orduan eskuinak jarraitzen duen irabazi sozialen apurtze bidea? Bistan da frantses ezkerrak ez duela bestelako esperantzarik eskaintzen, ez baitu programarik, alderdi sozialistak berak boterea hartuko balu, ez bailuke erreforma aldatuko!
Langileriaren aurkako erasoak ez ditugu gelditzen, eskuinak propaganda sistema eraginkorrak dituelako. Langileen interesak non dauden langileek beraiek ez dituzte ikusten eta eskuinari ematen diote botoa. Manipulazio jokoak etengabe baliatzen dituzte. Gurean ere oso ausartak dira, ez dira desmuntatzen batere! Soka lodienak ere orratz ziloetatik pasatzen saiatuko lirateke! Lasserre jaunak berak, kantonamenduetako hauteskundeak heldu direla-eta, Akitaniari eskatuko omen dio Seaska sostengatzea; Max Brisson bera autonomiari buruzko debatera hurbildu da. Zein da helburua gogoen nahastea eta botoen irabaztea baino? Eskuina, erasokor eta abila, gurean ere. Eta guk sinetsiko diegu?