Bizkaia Bilbao Basket
Garaipenak irribarrea eta umore ona ekarri ditu
BIZKAIA BILBAO BASKET 89
UNICAJA 71
Arnaitz GORRITI
Umore ona eta irribarrea itzuli dira Bilbora Unicajari irabazi ostean. Defentsako lan txukunari -Malagakoei behar baino askoz baloi gehiago galaraziz- eta eraso biziei esker, erraz nagusitu ziren Katsikarisenak.
Partida hasiera hotz samarrean, Warrenen ekinari esker, berehala hartu zuten aldea etxekoek: Jacksonen erasoko errebote osteko saskiratzeak, 17-10. Unicajak hobetu zuen, Freelanden bidez batez ere. Lehen laurdenaren amaierarako Unicaja gainean zuten bilbotarrek: 23-20.
Bilbao Basket pertsonalak pilatzen hasi zen bigarren laurdenean, pibotak batik bat, bina faltarekin. Horrek epaileenganako haserrea piztu zuen Bilbao Arenan eta, bide batez, partida berotu. Archibaldek aurretik jarri zuen Unicaja behin-behinean: 27-28, baina 12-2ko partziala iritsi zen hurrena eta hantxe hasi zen neurketa apurtzen, 39-30.
Defentsan eta errebotean azkenean nagusi, eta trantsizioan hasi ziren jokatzen Katsikarisenak, 2-1-2 zonakako defentsa ere probatuz. Zarata handirik atera gabe, Banic, onena berriz ere, 15 punturekin. Mumbru, Warren eta Jackson ere, poliki. Atsedenaldia iristerako, 46-38.
Defentsaren ondoriozko puntuak
Bilbao Basketek barrutik jokatzen apurtu zuen neurketa, defentsan eta errebotean egindako lanaz gain. Andaluziarrek, berriz 2-3 zonakako defentsa jarri zuten, etxekoek hiruko jaurtiketak asmatzen lanak zituztelako.
Dena den, errebotea bilbotarrek hartzen zuten ia beti eta, bada, hirugarren laurdena amaitzerako dena erabakita zegoen ia, Vasileiadisek urrutitik asmatu ostean: 69-50.
Azkenengo laurdenean irribarrea itzuli zen bilbotarren ezpainetara, etxekoen kontraerasoak ikusita. Umore ona ezinbestekoa baita saskibaloian.