Surflari ernegatua
Teo kiroldegian
Teo ilegorria da. Jada 30 urte ditu eta oraindik ilegorri jarraitzen du. Baserrian, oporretan, hondartzan, itsasoan, zooan eta beste hainbat lekutan izan zituen abenturengatik egin zen ezaguna, eta Pippi galtzerdi-luze bezala, ilegorria delako. Buruan ez ezik gorputzeko beste ataletan ere ile gorriak atera zitzaizkionetik ezer gutxi dakigu, ordea, berari buruz.
Ohiko historia izaten da, umetan aktore famatua izan ondoren drogaren atzaparretan edo ahanztura krudelean erortzen den aktorearena. Teok hor jarraitzen du, haurtzaindegietako apaletan, beti adin berarekin, beti irribarretsu, beti abenturazale, aldatuko ez balitz bezala, baina aldatu da adinak aurrera egin ahala, eta gaur surflaria da. Gainera, ez du iodoaz eta eguzkiaz horitutako ile errerik behar surflari itxura izateko, berezkoa baitu duen kolorea.
Teo abenturaz abentura zebilen garaietan surfa irakatsi ezin zen zerbait zela pentsatzen zen. Hala eta guztiz ere, gutxi batzuk, gainerakoen barre algarei aurre eginaz, surf ikastaroak eskaintzen hasi ziren. Gaur surf eskolak nonahi aurki daitezke eta horrela hasi zen Teo surfean, eskola batean jasotako ikastaroen ostean.
Teo udalekuetara joaten zen garaian surf txapelketak festari lotuta zeuden, lehiakide asko mozkortuta itsasoratzen zen, eta gainera, askotan parrandazale handiena izaten zen garaile. Gaur lehiakideek parranda tamainan egiten dute eta lehiatu artean asko zaintzen dira. Teo ez dabil lehian, baina itsaski handi baterako prestatzen ari da, eta lehian dabiltzan surflariekin orpoz orpo jarduten da ariketak egiten kiroldegian.
Teo aharrausika ateratzen da etxetik, bere autoko giltzak duen botoitxoa sakatu eta ertzetako argi keinukariak dir-dir egiten dutela, atzealdeko atea irekitzen du. Jarraian, kiroldegira eraman ohi duen motxila jaurtitzen du presazko keinu batean. Berrehun metrora duen kiroldegirako bide luzea egin ostean, sarrerako lau eskailera neketsuak gainditu behar izaten ditu, pauso makalean, aldageletara joateko, inoren laguntzarik gabe, bera bakarrik. Han peto laranja eta jertse zuri-urdina kendu eta galtza motz urdinak eta kamiseta zuriagatik aldatzen ditu. Segidan, korrika egiteko zapatilak jantzi eta bizikleta estatikora abiatu ohi da pauso ziurrak ematen.
Gaur 30 bat minutu egin ditu bizikletan, parean duen leihotik ikus daitekeen eguraldi zoragarriaz gozatuaz. Jarraian luzaketa ariketak egin ditu eta igerilekura joateko dituen hogei metroak egiteko prestatu da. Kamiseta eta zapatilak kendu eta bainu-jantzitan igerilekuko mutur batean kokatu da. "Teo igeri ikasten" liburuxkan erakutsi zigun modu berean egin du salto eta garai hartan ikasi eta erakutsitakoak errepikatu ditu beste ordu erdi batez.
Saioa amaituta dutxa bat hartu, ohiko arropa jantzi, aldageletatik atera, sarrerako makinan bazkide zarela dioen eskumuturreko elektronikoa itsatsi, eta kalera ematen duen atea zeharkatu du. Bisaia jazo, begiak hertsi eta sudurzuloak irmoki irekiaz birikak airez bete ditu, pasaran zihoan moto batek ke laino bat jaurti dion une berean. Begiak zabaldu, irentsitako CO2a iraitzi eta atetik autora bitartean eguzki izpien goxotasuna dastatu ahal izan du. Autoan sartu, gustuko abesti bat bilatu eta martxan jarri da. Abestia hasi orduko iritsi da etxera. Beste dutxa bat hartu, azenario zuku bat edan, peto laranja eta jertse zuri-urdina jantzi eta hondartzarantz jo du, olatuak ikustera, motoan.
Teo hurrengo itsaski baterako prestatzen ari da, azkena gaur bertan galdu baitu.