Preskripzioaren babesean, harro
Delitua zer den jendartearen unean uneko uste eta balioen arabera ezartzen da, babestu nahi duguna aintzat hartuta. Eta delitugileentzako zigorra ere babestu nahi den balioaren mailaren araberakoa izaten da. Hala ere, badago zuzenbidean «preskripzioa» deritzon berba bat, delitu orori aplikatzen zaiona: delitu batengatik epaitua izateko epea. Hortaz, epea igarota, ezin erantzukizunik eskatu delitugileari.
Hain zuzen ere, berba hori tarteko kontatu du pertsonaia publiko batek aspaldi egin zuen delitua, alegia, 13 urteko bi neskatilarekin sexu-harremanak izan zituela, Japonian, hori bai. Legezko ondoriorik pairatuko ez duelako ziurtasunarekin kontatu du liburu batean, lagun arteko solasaldi lasai eta askea jasotzen duen liburu batean. Pertsona honen ibilbidea ezagututa, nire iritziz, politikoki desegokia izateko nahiak itsututa, sexuaren munduan dena eginda duela jakinarazteaz pozik. Baina, batik bat, polemika sortu eta, agian, liburu gehiago saltzeaz harago, inoren aurrean erantzuteko betebeharrik ez duelako izango.
Eta, preskripzioari esker, hala izango da, 1967 oso urrun dago eta. Hala ere, adin txikikoekin sexua izateari eta mundu horren inguruan mugitzen den nazioarteko negozio ilun eta aberatsa erauzteari dagokionez, asko aurreratu da urte hartatik hona. Legeak, neurriak, salaketa eta kontrol-sareak, besteak beste, garatu dira. Herrialde behartsuetara sexu-turismo bila joatea, haurren gosea eta babesgabetasuna norberaren lizunkeria asetzeko baliatze aldera ezjakintasunaren aitzakiak eta beste alde batera begiratzeak inolako baliorik ez izatea, gauza bera atzerrira joan gabe inguruko edo norberaren umeekin burutzen dutenentzat, urtetako lanaren eta jendartearen bilakaeraren ondorio da, delitu larri bihurtu eta hala zigortzeaz gain, zorroztasunez eta hertsiki babestu nahi dugun askatasun baten aldeko oihu garbia, sexu-askatasunaren aldekoa, hain zuzen.
Idazleak, are gehiago gertakizuna kontatzeko moduari erreparatuta, «lolitak», «urdanga halakoak», «putak bezala jantzita...» bezalako termino eta esaldiak botata, muzin egiten die lotsagabe alor horretan emandako aurrerapauso guztiei, eta oro har emakumeon duintasunari; hain da sexista, iraingarria eta harroa non literatura-izpirik bilatu nahian ere inolako kalitaterik ez duela esan daitekeen. Batzuek, sortutako kalapita ikusita, berak bere burua, pasadizo bat literatura bihurtu duela esanez defendatu dute. Esperanza Aguirrek, esaterako, publikoki, Garcia Marquez edo Henry Miller bezalako idazleak aipatuta. Gustatuko litzaidake entzutea zer esango lukeen, delitua -preskribatua beti ere-, borroka armatuarekin lotutakoa izango balitz, 70eko hamarkadako pasadizo sinpatikoren bati buruzkoa, adibidez. Jakinguraz nabil Che Guevara edo Emiliano Zapata aitatuko lituzkeen.
«Nork» galderaren erantzunak eskubide baten babes handiagoa ala txikiagoa baldintzatzea zuzenbidearen kontrakoa izateaz gain, guztiz lotsagarria eta salagarria da, eta nik neuk bat egiten dut pertsonaia hori larrutu duten guztiekin. Preskribatuta ala ez, giza kalitaterik ez duelako.