Desobedientzia zibila lehenetsi nahi du Independentistak sareak
Konfrontazio demokratikoa, desobedientzia zibila eta nazio eraikuntza. Hiru lan ildo horiek proposatzen ditu Independentistak sareak Euskal Herriaren independentzia egikaritzeko. Larunbatean Donostian egingo den nazio batzarrean partehartzaileek erabaki beharko dute hiru lan eremu horiek eraginkorrenak diren ala ez. Horrez gain, sarearen antolaketaren, teknologien erabilpenaren eta datorren hilabeteetako ekimenen inguruan ere arituko dira.
GARA
Euskal Herriaren independentzia erdiestea helburu duen Independentistak sareak larunbatean egingo du aurreneko nazio batzar nagusia, Donostian. Bertan, besteak beste, sareak aurrerantzean zein jarduera nagusi landuko dituen ebatziko dute. Sareak berak prestatu duen eztabaidarako oinarrizko idazkian, «konfrontazio demokratikoa», «desobedientzia zibila» eta «nazio eraikuntza» aipatu dituzte lan tresna gisa.
Etorkizunean jorratu beharreko arloak horiek edota beste batzuk ote diren larunbatean erabakiko dute, 10.00etatik aurrera Donostiako UPV-EHUko Psikologia Fakultatean egingo den biltzarrean.
Internet bidez www. independentistak.net helbidean eskuratu daitekeen txostenean, «traumarik gabeko independentzia» lehenesten dutela dio Independentistak sareak eta, horrenbestez, Estatu espainol eta frantsesarekin «akordio demokratiko eta zuzenen bidezko independentziarako bidea» gauzatzen ahaleginduko direla aditzera ematen du.
Alde horretatik, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen aurrean konfrontazio demokratikoa erabiltzera dei egiten du independentziaren aldeko sare honek; «konfrontazio demokratiko, baketsu, zabal eta ausarta», gaineratzen du dokumentuak.
Euskal Herriak egun bizi duen egoera ez du demokratikotzat jotzen sareak; «mendeetan zehar garatutako ukapenen ondorio» dela dio. Horiek horrela, espainiar eta frantziar estatuen ezarpena «altxarazteko» eskura dituzten tresna demokratiko guztiak erabiltzeko prestutasuna agertzen du Independentistak sareak eta hor kokatzen du desobedientzia zibila lantzeko apustua.
Azkenik, independentzia aldarrikatzeaz haratago, independentzia bera «eraiki» egin behar dela argi du sareak eta «independentzia esparruak» sortzeari eta horiek biderkatzeari ekin behar zaiola adierazi eta horren aldeko apustu argia egiten du larunbatean eztabaidatuko den txostenean.
Independentistak sarearen jarduera nolakoa izango den erabakitzeaz gain, haren antolaketa ereduaz ere arituko dira larunbatean, bai eta teknologia berrien erabilpenaz edota datorren urteko hainbat egitasmoren inguruan ere.
Larunbatera bitarte, guztia ezbaian dagoen arren, sareak argi du bere lehentasunezko egitekoa «independentista guztien arteko auzolana bultzatzea» dela. Estrategia nazional integratzailea garatzeko asmoa du ekimenak, alabaina, tokian tokiko baldintzetara egokitzeko intentzioa ere erakusten du prestaturiko txostenak.
Edonork parte har dezake larunbatean egingo den biltzar nazionalean eta, beraz, parte hartzaile guztien esku egongo da otsailean agertu zen sare honen etorkizuna.